Izen emateak ixtear, hainbat aisialdi eta kirol egitasmoetan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 10a, 00:00

Udaberri eta uda parterako antolatu diren zenbait egitasmoetan izen emateko azken egunak dira hauek. Adi, Usurbil Cup txapelketan parte hartu nahi dutenek, gaurkoa baita apuntatzeko azken eguna. Bihar, ostirala, "Oporrak Bakean" egitasmoan eta Zubietako udako txokoetan izen ematea itxiko da. Kontuan izan bestalde, Udajolasen plaza lortu dutenek, ordainketa egin eta ordainagiria NOAUA!ra helarazteko azken egunak direla hauek.

Usurbil Cup
Gaur itxiko da Usurbil FT-k antolaturiko txapelketan izen emateko epea. 6-14 urte artekoak, hau da, LH 1.mailatik DBH 2.mailara ikasten dabitzan haur eta gaztetxoak apunta daitezke Usurbil Cup-en. Minibenjamin (LH 1-2), benjamin (LH 3-4), alebin (LH 5-6) eta infantil (DBH 1-2) mailako gaztetxoei zuzendua baitago kirol ekimena. Apuntatzeko, Oiardo Kiroldegira joan, bertan dauden izen emate orriak bete eta talde bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu. 

Antolakuntzak berrikuntzak txertatu ditu aurtengo edizioan. Minibenjamin eta benjamin mailetako taldeak, atezain eta lau jokalariz osatuak zeuden iaz. Aurten ordea, bost jokalari eta atezainarekin osatuko dira. Bestalde, minibenjamin mailakoek Usurbil Cup ez dute txapelketa moduan jokatuko, eta kasuotan, taldeak mistoak izango dira. Beste ohar bat, LH 3.mailatik gorako neska taldeak osatu eta apuntatzen badira, Usurbil FT-k aparteko txapelketa bat antolatzea aurreikusten du.

Txapelketako araudiari buruz hitz egiteko, osatzekoak diren taldeetako entrenatzaileekin biltzeko hitzordua finkatu du Usurbil FT-k, datorren astelehenerako, maiatzaren 14rako, 19:00etan Artzabalen.

Zubietako udako txokoak
Ostiral honetan, maiatzaren 11n itxiko da, Zubietako txokoetan izen emateko epea. Bertan, 3-11 urte artekoei zuzenduriko udako txokoak antolatu dituzte aurtengo udarako ere. Bi hilabetez, uztaila hasieratik abuztua amaitu arte luzatuko dira udako txokoak. Goizero, astelehenetik ostiralera, begiraleek proposaturiko ekintza desberdinetan primeran pasatzeko aukera izango dute 2009. urtea baino lehen jaiotako haurrek. Egunero lau orduz, 9:30-13:30 artean. Ohi bezala, Eskola Txikian bilduko dira. Udako txokoetarako izen ematea zabalik dago jada. Barazar tabernan edo Zubietako herri ikastetxean eskura daitezke apuntatzeko orriak. Datuekin beteta, ostiral hau, maiatzaren 11 baino lehen utzi beharko dira Zubietako Herri Batzarreko postontzian (Alamandegin). Argibide gehiago behar dituenak bi telefono zenbaki hauetako batera deitu dezake: 636 719 301 (Josune) edo 618 700 479 (Izaskun). Udako txokoetako antolakuntzatik ohartarazi dutenez, “kuota izena ematen duten haurren kopuruaren arabera zehaztuko da”.

"Oporrak Bakean"
Uztailean eta abuztuan saharar haurrak etxean hartzeko martxan da "Oporrak Bakean" izeneko egitasmoa Usurbilen ere. Izen emateko epea ostiral honetan, maiatzaren 11n itxiko dute. Duela 25 urte abiaturiko ekimenaren bidez, urtero haur sahararrak uda gure artean igarotzera etorri ohi dira. "Programa honen helburua 7 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua) pairatzen den tenperatura altuetatik babestea", berri eman dute.

Usurbilgo Udalak bat egin du programa honekin eta egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatzen die herritarrei. "Oporrak Bakean" ekimenari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak, Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake, edo bestela bertara deitu, 943 377 110 telefono zenbakira. 

Udajolas
Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Udajolas ekimenean izen eman duten guztiak onartu dira. Orain, plaza ziurtatzeko, apuntatu direnek igandera arteko, maiatzaren 13ra arteko tartea dute ordainketak egin eta ordainagiria NOAUA! ekarri edo emailez bidaltzeko. 77 euroko kuota ordaindu behar dute hain zuzen; 62 euro familia ugariak direnek. Kasuotan, familia ugarien txartelaren kopia ekarri beharko da NOAUA!-ko egoitzara. Ordainketak Euskadiko Kutxako kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira: 3035 0140 34 1400025811. Bertan haurraren izen abizenak jarri beharko dira. Gero, ordainagiriaren kopia NOAUA!-ko egoitzara ekarri beharko da edo emailez bidali, elkartea@noaua.com helbidera. Maiatzaren 13a baino beranduago eginiko ordainketak edo ordainagiriak ez dira onartuko eta plaza galduko da. Edozein zalantza edo argibide gehiagorako deitu 943 360 321 telefono zenbakira.