Martxan da bigarrenez, Liburutruk ekimena

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 10a, 00:00

Ikasleen testu liburuak berrerabiltzea bultzatu asmo duen Liburutruk ekimena abian jarri du berriz, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak. Pozik dira iaz ekimenak izan zuen harrerarekin eta berriz antolatzea erabaki dute. "Iaz martxan jarri zen eta balorazioa oso ona izan zen. Helburua, testu liburuak ahal den ikasturte gehienetan erabiltzea da", berri eman dute ohar bidez.

Lehen Hezkuntzako 5.mailatik aurrerakoek parte har dezakete egitasmo honetan. Hitz Ahokoek hiru arrazoik bultzatuta antolatu dute Liburutruk ekimena: "gure seme-alaben heziketa hobetzeko, ekonomiagatik eta ekologiagatik". Parte hartu asmo dutenek, hona hemen, egitasmoaren nondik norakoak. "Ikastolan banatutako orria bete izena emateko, eta fidantza ordaindu. Urtean zehar erabilitako liburuak gelan utziko dituzte ikasturte bukaeran, eta irailean liburuak eta lan koadernoak ikastolan bertan jasoko dituzte".