Gazteen bertso eskola martxan jarri asmo du, Bota Punttubak

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 10a, 00:00

DBHko gazteekin bertso eskola abian jarri asmo du Bota Punttubak, datorren 2012-2013 ikasturtean. Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, botapunttuba@gmail.com helbidera idatz dezakete. Hona hemen, egitasmoaren nondik norakoen berri emateko, antolatzaileek NOAUA!ra igorri duten idatzia:


Eskolaz kanpoko ekintza berria: BERTSO ESKOLA
Herrian bertso zaletasuna bazela ikusirik baina bertso mugimendua pattalduta zegoenez gazte talde bat Bota Punttuba berregituratu eta berriz ere martxan jartzeko asmotan hasi ginen. Gure helburua bertsotan zerbait egiten ikasteaz gain bertsozaletasuna herrian zabaltzea izan da bi urteko bide motz honetan.

Datorren ikasturteari begira egitasmo berri batekin gatoz. Edozein ekintzak jarraipena izan dezan beharrezkoa da gazteen indarra eta arnasa eta hori lortu nahi genuke, horretarako DBH1-4 bitarteko gazteekin osatutako bertso- talde bat martxan jarri nahi dugu. 

Bertsolaritza hitzen neurketa eta errimatzea baino askoz gehiago da. Euskararekin jolastea abiapuntutzat izanik gure burua kokatzen, ezagutzen, indartzen laguntzen digun tresna da. Azken finean, gai baten inguruan bertsotan ari denak bere bidea zein den ikusi eta bere arrazoiketa landu behar du nortasuna eraikiz.

Bertso eskolaren helburua bertsoaren osaketa hutsetik haratago doa ordea, lagun taldean bertsoaz gozatzea lortu nahi da bertso zaletasuna zabalduz eta bertsoak dituen zirrikituak ezagutuz. Bertsoaren bertigoa sentitzearen esperientzia bikaina ere biziko du bertaratzen denak eta uste gabeko sorpresa atseginak hartuko ditu bere burua amildegi hertzean sentitu eta funanbulista bikainen gisan oztopoa primeran gainditzen duela ikustean. Noski hizkuntzaren lanketa egitea ere derrigorra izango da metafora, errima, hitz-jolasak...

Lagun giroa azpimarratu nahi dugu batez ere, bertsolaritza kulturalki pisu handiko ekintza izanik oso lagun talde anitz eta aberasgarriak osatzen baitira bertso eskoletan. Ausartu zaitez beraz, zirrara sentitu, ikasi, bertsozaletu eta batez ere ondo pasa nahi baduzu. Talde berria izango da eta bertaratutakoek jarriko dituzte lortu nahi dituzten helburu eta erritmoak.

Izena eman edo informazio gehiago eskuratzeko idatzi botapunttuba@gmail.com –era

*Eskertuko genizueke interesa duzuenok maiatzean izena ematea gutxi gorabehera zerrenda osatu eta irakaslearekin harremanetan jartzeko.