Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa hizkuntza berean egiteko azken urteotan martxan egon den kanpainaren balantze positiboa egin zuten atzo hedabideen aurrean, Usurbilgo Potxoenea kultur etxean, egitasmoko eragileek; hau da, Buruntzaldeko udal eta auto-eskolek. Zenbakitan, 2010etik 2011ra ia bikoiztu egin da gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa hizkuntza berean egin dutenen kopurua. 2010ean 47 lagunek formazioa euskaraz jaso eta azterketa teorikoa hizkuntza berean egin zuen. Horietatik 34k gainditu zuten. Iaz, 94 matrikulatu ziren euskaraz, 88 aurkeztu ziren euskarazko azterketara eta hirurogeik gainditu zuten.
Datuok, 2009az geroztik, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, eta jarraian aipatzen diren udalerriotako 11 auto eskolek eginiko lanketaren emaitza dira; Andoaingo Mendi eta Bengoetxea; Astigarragako Otamendi; Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; Lasarte-Oriako Izarra, Mugica eta Lasarte; Urnietako Solozabal eta Usurbilgo Solozabal auto eskolen ahaleginaren ondorioa. Duela hiru urte hain zuzen, auto eskola guztiok zerbitzua euskaraz eman ahal izateko bitartekoak jartzen lagundu zieten Buruntzaldeko udalei; multimedia, liburuak… Horri esker, gaur egun gidabaimenaren alderdi teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa ere euskaraz egin daiteke.
Zati praktikoa euskalduntzea, hurrengo erronka
Baina ez da hemen amaituko Buruntzaldeko udal eta auto eskolen arteko elkarlana. Aurrera begirako euren erronka, gidabaimenaren alderdi praktikoa ere euskalduntzea da. Eta herritar oro, modu berezian 18 urte bete dituzten gazteak, zati teorikoa euskaraz egitera bultzatzea.
Horretarako hain zuzen, Buruntzaldeko udal eta auto eskolen egitasmoaren berri ematen duten diptikoak banatuko dituzte, aurten 18 urte beteko dituzten Buruntzaldeko gazteen artean. Ohartarazi dutenez gainera, iaz bezala, aurten ere, azterketa teorikoa euskaraz prestatu eta egiten duten gazteen artean, auto-eskola bakoitzeko gidabaimeneko alderdi teoriko bat zozketatuko da. Auto eskola bakoitzak, gehienez jota 400 euroko saria banatuko du.