Zero Zabor jardunaldiak, bihartik aurrera

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 10a, 00:00

Europa mailako zero zabor mugimenduak jardunaldiak antolatu ditu asteburu honetarako. Lehen bi hitzaldiak bihar burutuko dira. Bat 19:00etatik aurrera, Donostiako udaleko udalbatza aretoan. Paul Connett adituak "Zero Zabor bidean-paradigma berria" izeneko hitzaldia eskainiko du. Gipuzkoa Zero Zaborrek berri eman duenez, "Kimika irakasle New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitatean, Connett eten gabe dabil hizlari munduan barrena, gaur Filipinetan, bihar Italian. 2007an Hondarribian izan zen, Txingudiko errauste planta zela eta. Aldea nabarituko du. Connettek badu paper bat non bere ideia laburbiltzen duen: "Zero Waste: a Key Move towards a Sustainable Society (Zero Zabor: urrats funtsezkoa gizarte  iraunkorrerantz)". “Zero Zaborrek –dio Connettek– ezetz esaten die  errauskailuei, zabortegi erraldoiei, gizarte xahutzaileari… eta  baietz gizarte jasangarriari. Idealista dirudi, baina egia bihurtu dezakegu. Ez dugu espero behar zero zaborrera iristea datorren urtean, baina aurreratu dezakegu herri batzuk 2020rako horretatik oso hurbil egongo direla”.

Joan Marc Simon, Arrasaten
Ordu berean hasiko da bigarren hitzaldia, kasu honetan Arrasateko Arimazubi ikastolako Areto Nagusian. Joan Marc Simonek (ondoko irudian) "Zero Zabor esperientzia Europan" izeneko saioa eskainiko du. GZZ-tik aurreratu dutenez, "Kataluniarra, Brusela-n egiten du lan. Zero Waste Europe-ko koordinatzailea, Global Alliance for Incinerator Alternatives-ren Europarako ordezkaria, eta Zero Waste International Alliance-ko batzordekidea da. 2007an Hondarribian mintzatu zen, Ekologistak Martxan taldearen eskutik GAIAk hemen munduko biltzarra ospatu zuenean; orduan puri-purian zegoen Txingudiko errauste planaren proiektua. Hondakinen eta errausketaren gaietan aditua da Joan Marc Simon, eta artikulu oso mamitsuak plazaratu ditu honetaz. Oso ezagunak dira Simonek errausketaren inguruko mito batzuk (enpresa handiek eta hauen morroi politiko, tekniko edo komunikatzaileek haizatu dituzten mitoak) larrutuz publikatu dituen idatziak, errauste planten balantze energetikoaz, ingurumenari egiten dioten kalteez, eta abar.".