Atzo eman zen ezagutzera Bateraguneko epaia. Auzitegi Gorenak ez ditu bost auziperatuak absolbitu, espetxe zigorrak murriztu dizkie, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari. Hamarretik sei urte eta erdira Otegi eta Diezi, zortzitik seira gainerako hirurei. Gorenaren epaia salatzeko, elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak, ostiral honetarako, maiatzaren 11rako, 19:30etan Mikel Laboa plazan. "Prozesuaren aurkako erasorik ez, konponbide garaia da" lemapean burutuko da aipatu mobilizazioa.
Usurbileginez.com web orri bidez berri eman dutenez, "baldintza berriak sortu dira Euskal Herrian, demokraziaren bidea osatzeko egundoko bultzada ematen ari da herri hau, herri gisa dagozkigun eskubideak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. Sententzia honek bide honetan eta prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu, gehiengo hori politikoki artikulatu eta herri gisa aurrera egiteko, ez baitago sententziarik herri indar hori geraraziko duenik. Ezker Abertzaleak ez dio bide honetan herri honi huts egingo. Eta inongo atxiloketa, epaiketa edota sententziarik ez gaitu biderik aterako. Atera kalera!".