Bateragune eta D3M-Askatasuna auziak salatzeko, elkarretaratzeak gaur eta bihar

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 11a, 00:00

Azken egunotan hizpide izan dira bi auzi; batetik, Bateragune auziaren epaia, eta bestalde, azken txanpan dagoen D3M-Askatasuna epaiketa. Hauei loturiko mobilizazioak deitu dira ostiral eta larunbat honetarako. 

Gaur, Bateragune auziaren aurkako mobilizazioa
Asteazkenean jakitera eman zenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu Bateragune auziko bost auziperatuak, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Harkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta absolbitu. Guztiei, betetzen ari diren espetxe zigorrak murriztu dizkie. Hamar urtetik sei urte eta erdira Otegi eta Diezi, eta zortzitik seira Jacinto, Rodriguez eta Zabaletari. 

Epaia salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaurko, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek. Besteak beste, hiriburuetan. Usurbilen, Ezker Abertzaleak epaia salatzeko elkarretaratzea deitu du, gaur arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan, "Prozesuaren aurkako erasorik ez, konponbide garaia da" lemapean. 

Usurbileginez.com web orri bidez berri eman dutenez, "baldintza berriak sortu dira Euskal Herrian, demokraziaren bidea osatzeko egundoko bultzada ematen ari da herri hau, herri gisa dagozkigun eskubideak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. Sententzia honek bide honetan eta prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu, gehiengo hori politikoki artikulatu eta herri gisa aurrera egiteko, ez baitago sententziarik herri indar hori geraraziko duenik. Ezker Abertzaleak ez dio bide honetan herri honi huts egingo. Eta inongo atxiloketa, epaiketa edota sententziarik ez gaitu biderik aterako. Atera kalera!". 

Bihar, txandakako elkarretaratzeak 10 orduz
Azken txanpan sartzear da bestalde, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hurrengo saioa, datorren astelehenerako, maiatzaren 14rako iragarri dute. Hasiera batean, astebete barru amaitzea aurreikusia dago, baina zenbait hedabideek, epaiketa hiru egun barru bukatu daitekeela ere iragarri dute. Auzia salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko, herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" sostengu taldeak, txandakako elkarretaratzeak deitu ditu, larunbat honetarako, maiatzaren 12rako. Hamar orduz, goizeko 11:00etan hasi eta 21:00ak arte, Mikel Laboa plazan.

Egun osoan zehar, hainbat herri eragileek parte hartuko dute etenik izango ez duen mobilizazioan: sostengu taldeak, Gernika-Usurbil taldeak, Herrira eta Etxerat bilguneek, Usurbilgo Ezker Abertzaleak, Euskal Kantu Taldeak, ITAYA Gazte Asanbladak...

Azken elkarretaratzea, 20:00-21:00 artean burutuko da. Deitzaileek nabarmendu dutenez, herritarrentzat irekia izango da azken ordu honetan. "Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat" lemapean burutuko den mobilizazioan parte hartzera deitzen dute.