Txarangak eta erromeria, maiatzaren 20ko Sagardo Eguna girotzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 11a, 00:00

XXXI. Sagardo Egunerako bederatzi egun eskas falta diren honetan, usurbildarren urteko jai egun kuttunenean burutuko den ekitaldi sorta zehatza jaso du NOAUA!-k, antolatzaileen eskutik. Erromeri eta txaranga taldeek giroturiko edizioa dugu aurtengoa. Maiatzaren 20an, goizean zehar, Zumarte Musika Eskolako ikasleek osaturiko Zumartxan txaranga kalez kale ibiliko da (ondoko irudian, joan den Inauteri Festa egunean) Kaxko ingurua alaitzen. Horrez gain, Jexux Artzeren omenez txalapartariek girotuko dute Sagardo Eguneko irekiera ekitaldia.

Goizeko sagardo dastatze saioa amaitu eta bazkalostean, lehenik, Zestoatik etorritako Laranjadi txaranga taldekoek dantzan jarriko dituzte herritar eta bisitariak. Eta arratsaldea borobiltzeko, 17:00etatik aurrera erromeria frontoian, Fan & Go taldearen eskutik. Sagardo festaren egunean ere, herritarrak dantzan jarriko dituzte Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek. Maiatzaren 20ko jaialdiko egitarau osoa, web orrialde honetako Agenda atalean.