Santixabeletako haur danborradan izen emateko aukera bihar

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 11a, 00:00

Abian dira Santixabeletako haur eta helduen danborradak prestatzeko lanak. Bihar bertan, goizeko 11:00etatik aurrera eman ahalko da izena haur danborradan, ohi bezala, Agerialden. Leku berean burutuko da gainera, urteko lehen entsegu saioa eta hortik aurrera, larunbatero 11:00etan Agerialden bilduko dira danborra prestatzeko. 5 urtetik gorako haurrak apuntatu ahalko dira haur danborradarako. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, banderadun, gastadore eta kantinerentzat plaza mugatuak egongo dira. 

Helduen danborradan apuntatzeko pixka bat itxaron beharko da oraindik. Ekainaren 4an, astelehena, 20:00etan Agerialdeko beheko frontoian finkatu dute izen emateko hitzordua. Entsegu saioak ere, hortik aurrera, astelehen eta asteazkenetan, 20:00etan burutuko dira Agerialden.

Jai Batzordearen bilera, asteazkenean
Gogoratu bestalde, Santixabeletako Jai Batzordearen hurrengo bilera, asteazkenean, maiatzaren 16an burutuko dela. Ohiko leku eta orduan: 18:30etatik aurrera Potxoenean.

Diseinu lehiaketa irekita oraindik
Santixabeletako Egitarau Diseinu Lehiaketarako lanak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du, maiatzaren 25era arte. Egitaraua diseinatzeko, lehenbizi, egitarauko testua jaso behar da, testu horretan oinarrituta burutu behar baita diseinu lana. Testua, Potxoenean jaso behar da. Lehiaketan parte hartzeko asmotan direnek, bete beharreko beste baldintzen artean, jakin beharra dute honakoa ere. “Jaietako egitaraua euskaraz egingo da eta gaztelaniazko laburpena egitarauaren amaieran jarriko da. Letra tamainaren aldetik, euskarari lehentasuna emango zaio. Diseinuak egitarauaren orri guztiak hartu behar ditu bere baitan”, dio araudiak. Aurreko urteetan bezala, lanaren neurria librea izango da eta “formatu artistiko guztiak onartuko dira: pintura, akuarela, collagea, argazkiak, digitala…”.

Berdintasun Legea bete beharko dute diseinu lehiaketako lanek. “Hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira”, diote lehiaketako baldintzek. Lanean bestalde, ezingo da egilearen seinalerik agertu. “Datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia) gutunazal itxi batean adieraziko dira. Gutunazalean, izengoiti bat jarriko da, eta izengoiti hori bera agertuko da aurkeztutako lanaren atzealdean”. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Argibide edo informazio gehiago 943 371 999 telefono zenbakian edo kultura@usurbil.net helbidean.