Michelingo Enplegua Erregulatzeko Espedientea onartu dute

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 11a, 00:00

Michelingo zuzendaritza taldeak duela astebete aurkezturiko Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) onartu du gaur, estatuko lau lantegietarako; tartean, Lasarte-Oriako plantako ia langile guztiei, 500 baino gehiagori eragingo die.   

Hilabete honetatik irailera arte egongo da indarrean eta suspentsiozkoa izango da, hau da, ez dute inor kaleratuko, baizik eta langileak egun batzuetarako langabezira bidaliko dituzte. LAB sindikatutik berri eman dutenez, asko jota 36 lan egunez langabeziara bidal dezakete langile bakoitza. Goizean sinatu dute hitzarmena, enpresako zuzendaritzak eta zentruartekoan gehiengoa duten CCOO, UGT eta CSI sindikatuek. Soldaten konplementazioari buruz negoziatzen aritu ostean, %80koan finkatu dute aipatu konplementazioa, langabezi egun bakoitzeko.

Lasarte Orian ordezkaritza duen LAB sindikatuak ez du hitzarmena sinatu. Hitzarmena ez dute sinatu ezta, Gasteizko plantan ordezkaritza duten LAB, ELA, ESK eta CGT sindikatuek ere.