Azken txanpan da jada, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa, egutegian aldaketak egon ostean. Izatez, joan den astean, asteazkenean burutu behar zen saioa bertan behera geratu zen eta aipatu moduan, astelehen honetan jarraituko dute. Aste honetan bestalde, ostegun eta ostiralerako saio gehiago daude iragarriak, baina zenbait hedabideek aipatu zutenez, gaurkoa epaiketaren azken saioa izan liteke.
Elkarretaratzeak
D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa salatu eta hamahiru auziperatuei, tartean Agurtzane Solaberrieta usurbildarrari babesa adierazteko 10 orduko elkarretaratzea burutu zen larunbatean. Goizeko hamaiketa hasi eta 21:00ak arte luzatu zen. Txandakako elkarretaratzeak izan ziren, besteak bestea, deitzaileek "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" izeneko sostengu taldeak (ondoko argazkian), Bildu eta Aralarreko udal ordezkariek, Usurbilgo Ezker Abertzaleak, Agiñarrak, Gernika-Usurbil Taldeak, Haur Eskolako gurasoek, Kantu Taldeak, Etxerat edo Herrira bilguneek eta ITAYA Gazte Asanbladak parte hartu zuten. Baita herritarrek ere, 20:00etatik 21:00etara. Ondokoa, egun osoko txandakako elkarretaratzeak hasi berritan ateratako argazkia da.
Bateragune auziaren aurkako elkarretaratzea
Larunbatean, D3M eta Askatasunaren aurka mobilizatu ziren herritarrak. Ostiralean, Bateragune auziaren aurka. Asteazkenean jakitera eman zenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu Bateragune auziko bost auziperatuak, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Harkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta absolbitu. Guztiei, betetzen ari diren espetxe zigorrak murriztu dizkie. Hamar urtetik sei urte eta erdira Otegi eta Diezi, eta zortzitik seira Jacinto, Rodriguez eta Zabaletari.
Epaia salatzeko mobilizazioak deitu zituzten ostiralerako hainbat hiriburu eta udalerrietan. Usurbilen, Ezker Abertzaleak deituta, epaia salatzeko elkarretaratzea burutu zen Mikel Laboa plazan, "Prozesuaren aurkako erasorik ez, konponbide garaia da" lemapean.