Maixu Etxeko pisu batek maizterra behar du

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 14a, 00:00

Duela gutxira arte, larrialdi egoeretarako zeuden Maixu Etxeko eraikineko bi bizilekuetako bat alokairu sozialera bideratzera erabaki du Udalak. Aldaketa hau udalbatza bidez onartu ostean, maizterra hautatzeko prozesua abiatu da. Honenbestez, Gernika ibilbidean kokaturiko eraikineko lehen pisuan bizitzeko asmoa duten herritarrek eskaera aurkeztu dezakete udaletxean, maiatzaren 23ra arte. Izen emateko orriak eta prozesu honi buruzko oinarrien inguruko informazioa, Udaletxean bertan jaso daiteke. 

Azken osoko bilkuran onartua
Gernika ibilbidea 13an, Agerialde parean kokatua dagoen Usurbilgo Udalaren jabetzako eraikinean, Maixu etxe izenez ezaguturikoan, alokairu sozialera bideraturiko pisu bat gehiago egongo da aurrerantzean. Orain arte, larrialdi egoeretarako zeuden bizilekuetako bat da hain zuzen, Udalak etorkizunean alokairu sozialerako baliatu asmo duena. Alokairuan esleitzeko oinarriak behin betiko onartu ziren hain zuzen, joan den apirilaren 24ko osoko ohiko bilkuran.  Bildu, Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE proposamenaren alde agertu ziren, Hamaikabat udal taldea aldiz, aurka. Mertxe Aizpurua alkateak gogorarazi zuenez, guztira 19 dira egun, Udalak alokairu sozialera bideratuak dituen etxebizitzak.