Joan den astean itxi zen Usurbil Cup txapelketan izen emateko epea. Osatu diren taldeetako entrenatzaileekin bilera deitu du gaurko Usurbil FT-k, 19:00etarako Artzabalen. Txapelketaren araudia eta gainerako nondik norakoak azalduko dizkie antolakuntzak, kirol ekimenean parte hartu asmo dutenei. 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoak bilduko ditu Usurbil Cup txapelketak: minibenjamin (LH 1-2), benjamin (LH 3-4), alebin (LH 5-6) eta infantil (DBH 1-2) mailako gaztetxoak hain zuzen. Usurbil Cup asteburu honetan bertan hasiko da eta aldaketarik ez bada, San Juanen bueltan amaituko da. Tartean, astebururo jardunaldiak burutuko dira, frontoian edota Oiardo Kiroldegian. Halere, iaz bezala, antolakuntzaren asmoa txapelketa gune gehiagotara hedatzea da; besteak beste, ahal bada, Santuenea edota Artzabalera.
Jai Batzordearen bilera
Urteko hirugarren bilera deitu du Santixabeletako Jai Batzordeak, asteazken honetarako, maiatzaren 16rako. Ohiko ordu eta lekuan: 18:30etan Potxoenean, datozen festetako zehaztasunak prestatzen jarraitzeko. Gogoan izan, Santixabelen berri emango duen egitaraua diseinatzeko Jai Batzordeak antolaturiko txapelketan parte hartzeko aukera dagoela oraindik. Hilaren 25era arte aurkeztu litezke diseinu lanak. Informazio gehiago; 943 371 999 edo kultura@usurbil.net
Santunea Elkartearen batzarra
Batzar orokorra deitu du Santuenea Kultur Elkarteak, etzirako baita, hilaren 16rako. Eguneko gai zerrendan, iragarri dutenez, elkarteko orain arteko lehendakariaren kargu uztea onartu eta lehendakari berria hautatu beharko dute batzarkideek. Bilera, 19:30etarako deitu dute, Santuenea Kultur Elkarteko egoitzan bertan.
Sagardo botatzaileen bilera
Igande honetan ospatuko den XXXI. Sagardo Egunean sagardoa zerbitzatzen aritzeko asmoa duten herritarrei zuzenduriko bilera antolatu du Sagardo Egunaren Lagunak bilguneak. Sagardo botatzen aritzeko jakin beharrekoa, ostegun honetan, maiatzaren 17an azalduko dute antolatzaileek, 19:30etatik aurrera Potxoenean burutuko den bileran.
San Juanak prestatzeko hitzordua
Ekainaren 24aren bueltan Kalezarren ospatuko diren San Juan jaiak prestatzeko hitzordu berria deitu du Jai Batzordeak. Datorren bilera, ostiral honetan, maiatzaren 18an burutuko dute, 16:45etan hasita Harane futbol zelai ondoko lokalean.