Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak deituko dira, ohi bezala, maiatzeko azken ostiralean. Oraingoan ordea, lehenago ere burutuko dira. Batetik, igande honetan ospatuko den XXXI. Sagardo Egunean, eskualde mailako elkarretaratzea burutuko da Mikel Laboa plazan, 13:00etatik aurrera. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deiturikoa da, urtero jai egun honetan frontoi atzean burutu ohi den elkarretaratzea.
Bestalde, larunbat honetarako, "Goazen Plazara!" ekimena antolatu du Herrira! bilguneak. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarriak hiriburu eta udalerrietako plazetara eraman nahi dituzte. Usurbilgo Herrira! bilguneak ere deialdiarekin bat egin eta mobilizazioa deitzeko asmoa du. Informazio gehiago: herrira.org atarian.