Ekainaren 28rako, Usurbil Santixabeletan murgildua izango da

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 15a, 00:00

Iragarria zegoen moduan, datozen Santixabelak ez dira ohi bezala igandez amaituko. Santixabel Eguna, astelehena egokitu baita, eta honenbestez uztailaren 2an emango zaie amaiera herriko jaiei. Baieztatua dagoenez bestalde, ekainaren 28rako festetan murgilduko zaigu herria. Ostegun horretan, Haurren Eguna ospatuko da eta. Ekitaldiz josia egoten den egun horretarako prestaketa lanak hasi dituzte gurasoek. Besteak beste, gin-kana bat prestatzen ari dira, goizeko 10:00etan Paris etxe paretik, Aitzaga paretik, hasiko dena. Antolatzaileek Udarregi Ikastolako ikasleak, baina baita herrian bizita, ikastolatik kanpo ikasten duten haurrak ekimen honetan parte hartzera animatzen dituzte. 

Bihar, Jai Batzordearen bilera
Hirugarrenez bilduko da asteazken honetan, Santixabeletako Jai Batzordea. Bilera hitzordua, ohikoa; asteazken honetan, 18:30etan Potxoenean. 

Haur danborradan izen ematea zabalik
Pare bat ohar bestalde; batetik, irekita jarraitzen duela Egitarau Diseinu Lehiaketan parte hartzeko epeak, maiatzaren 25era arte. Bestalde, joan den larunbatean Haur Danborradan izen ematea ireki zen. Larunbat honetan, maiatzaren 19an apuntatzeko aukera berri bat egongo da, goizeko 11:00etatik aurrera Agerialden.