Sagardo botatzaileen bilera eta dastatze afaria, Sagardo Egunaren bezperatan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 15a, 00:00

Igande honetan, maiatzaren 20an ospatuko den XXXI. Sagardo Egunak zenbait aldaketa edo berrikuntza dakartza. Horien artean, ohi bezala, frontoian, Dema plazan edota Askatasuna plazan kokatuko diren postuetatik barrena osteratxo bat egiteko aukera izatearekin batera, Askatasuna plazako bola tokian, sagardoa enologo batekin dastatzeko aukera egongo da. Guillermo Castañosekin hain zuzen. Taldeka, bola tokian bertan dastatze saioetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. 

Gogoan izan bestalde, Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, maiatzaren 20ko jaialdiaren aurretik, Alemania eta bertako sagardo desberdinak dastatzeko aukera ere eskaini nahi dietela herritarrei, Saizar sagardotegian antolatu duten afariaren bidez. Otordua, ostiral honetan, hilaren 18an izango da. Fernando Vadillo enologoak gidatuko du saioa. Aipatu moduan, edonor joan liteke afarira. Edozein kasutan, badaezpada, aldez aurretik Saizar sagardotegira deitu nahi duenak, hauxe du bertako telefono zenbakia: 943 373 995.

Sagardo botatzaileen bilera
Azken ohar bat; sagardoa zerbitzatzen aritzeko asmoa duten herritarrei zuzenduriko urteroko bilera antolatu dute Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, ostegun honetarako, maiatzaren 17rako, 19:30etatik aurrera Potxoenean. Sagardo botatzaileek igande goizeko 8:00etan frontoira agertu beharko dute.