350 haur eta gaztetxo, Usurbil Cup txapelketan parte hartzeko prest

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 15a, 00:00

Asteburuan ekingo zaio 2012ko Usurbil Cup txapelketari. Urtetik urtera gorantz doa parte hartzea, Usurbil FT-k antolaturiko kirol ekimen honetan. Aurtengoan, 6-14 urte arteko 350 haur eta gaztetxo apuntatu dira, horietatik 140 neska. Denera 35 talde osatu dira. Mutilez osaturiko edo mistoak diren taldeen artean, minibenjamin mailako bost taldeek parte hartuko dute, alebin mailako lauk eta infantil mailako beste bostek. Nesken taldeak ere osatu dira. LH 3,4 eta 5.mailako ikasledun sei talde, eta beste bost, LH 6. mailako eta DBH 1 eta 2 mailetako ikasleekin. Partidak, frontoian, Oiardo Kiroldegian eta Santuenean jokatzea aurreikusia du Usurbil FT-k. Antolakuntzatik asteburuan hasiko den txapelketari begira ohartarazi dutenez, "derrigorrezkoa da talde bakoitzak 18 urtetik gorako pertsona bat izatea aulkian eserita. Bestela, ezingo dute partida jokatu". Usurbil Cup txapelketako partidak astebururo jokatuko dira, ostiralean hasita. San Juanen bueltan amaitzea aurreikusten da.