Santixabeletako Jai Batzordea hirugarrenez bilduko da, gaur arratsaldeko 18:30etatik aurrera Potxoenean. Datozen festetako zehaztasunak prestatzen jarraituko dute. Gogoan izan, Santixabelen berri emango duen egitaraua diseinatzeko Jai Batzordeak antolaturiko txapelketan parte hartzeko aukera dagoela oraindik. Hilaren 25era arte aurkeztu litezke diseinu lanak. Informazio gehiago; 943 371 999 edo kultura@usurbil.net. Jaiak uztailaren 2an amaituko dira aurten, Santixabel egunez eta astelehenez. Ekainaren 28rako herria jaietan murgildua egongo da bestalde, ostegun horretan Haurren Eguna ospatuko baita.
Santunea Elkartearen batzarra
Jai Batzordearena, ez da gaurko antolatua dagoen bilera bakarra. Batzar orokorra deitu du bestalde, Santuenea Kultur Elkarteak. Eguneko gai zerrendan, iragarri dutenez, elkarteko orain arteko lehendakariaren kargu uztea onartu eta lehendakari berria hautatu beharko dute batzarkideek. Bilera, gaur arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Santuenea Kultur Elkarteko egoitzan bertan.
Egunotan bilkura gehiago burutuko dituzte herriko beste zenbait taldeek. Hona hemen, datozen hitzorduak:
Sagardo botatzaileen bilera
Igande honetan ospatuko den XXXI. Sagardo Egunean sagardoa zerbitzatzen aritzeko asmoa duten herritarrei zuzenduriko bilera antolatu du Sagardo Egunaren Lagunak bilguneak. Sagardo botatzen aritzeko jakin beharrekoa, bihar, maiatzaren 17an azalduko dute antolatzaileek, 19:30etatik aurrera Potxoenean burutuko den bileran.
San Juanak prestatzeko hitzordua
Ekainaren 24aren bueltan Kalezarren ospatuko diren San Juan jaiak prestatzeko hitzordu berria deitu du Jai Batzordeak. Datorren bilera, ostiral honetan, maiatzaren 18an burutuko dute, 16:45etan hasita Harane futbol zelai ondoko lokalean.
Antxomolantxaren batzarra
Ezohiko bilera deitu du Aginagako Antxomolantxa Elkarteak, “gai garrantzitsu bat jorratzeko”. Bilkura, maiatzaren 23rako antolatu dute, 18:30etan Aginagako ludotekan. “Eskertuko genuke ahalik eta jende gehien azaltzea, bertan erabaki zehatzak hartu beharko ditugulako”, ohartarazi dute. Bestalde, bilgune berak egun pasa antolatu du maiatzaren 26rako, Astigarragako Listorreta ingurura. Guraso eta haurrei zuzenduriko irteeran izena emateko aukera dago hilaren 23ra arte, honako telefono zenbakian: 610 875 287.