Alebin, kadete eta infantil mailako Tximeleta Kirol Elkarteko Usurbilgo gimnasta taldeek, igandean Hernaniko Kiroldegian ospatuko den Udaberri Txapelketako finalean parte hartuko dute. Antolatzaileek NOAUA!ra helarazi duten oharrean berri ematen dutenez, "txapelketa hau goiz guztian zehar ospatuko da eta bertan Tximeletako talde hauek parte hartuko dute: Axular Lizeoko alebinek, Jesuitina Ikastetxeko A eta B alebin taldeek, Oiartzun Tximeletako kadeteek, Intxaurrondo Tximeletako kadeteek eta Axular Lizeoko infantilek". Aipatu moduan, guztiok usurbildarrekin batera parte hartuko dute maiatzaren 20ko finalean. Ekitaldira gerturatzera gonbidatzen dute, "animatu eta joan zaitez gimnasta eta entrenatzaile guzti hauek egin duten lan bikaina ikustera!".
Gipuzkoako Txapelketarako sailkatuak
Joan den larunbatean bestalde, Gipuzkoako gimnasia erritmikoko alebin eta infantil A eta B eskolarteko txapelketa ospatu zen, Hernaniko kiroldegian. Tximeleta Kirol Elkarteko taldeok parte hartu zuten: Irati Gabellanes A kategoria (Udarregi ikastola Usurbil) , Oiartzun alebin B taldea (Tximeleta K.E.) , Axular Lizeoko alebin B taldea eta Axular Lizeoako infantil B taldea. Elkartetik berri eman dutenez, "Oihana Arsuagak (Usurbil Tximeleta K.E.), Nora Urtizbereak (Oiartzun Tximeleta K.E.) eta Oiartzun Tximeleta jubenil taldeak ere Gipuzkoako txapelketarako klasifikatzea lortu zuten eta hauek maiatzaren 26an edukiko dute Gipuzkoako txapelketa".