Sagardo Eguneko NOAUA!-ren gehigarria prest

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 16a, 00:00

Igandean ospatuko den XXXI. Sagardo Egunari loturiko gehigarria prestatu du NOAUA!-k. Paperean, maiatzaren 18ko astekari honekin batera egunotan etxeetan jasoko duzue. Baina web orrialde honetan jada pdf formatuan irakurtzeko aukera duzue. Hilaren 20ko jaialdian izango denaren berri ematen da bertan, baita besteak beste, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideetako bati, Unai Agirreri eginiko elkarrizketa ere. 

Inoiz baino sagardo postu gehiago izango dira aurtengoan, Sagardo Egunaren Lagunak bilgunekoen arabera, 48 guztira, hiru guneotan banatuta: frontoian, Dema plazan eta Askatasuna plazan. Jan edanaz gain, enologo baten laguntzaz sagardo dastatze saio azkarretan parte hartu ahal izango dute herritarrek, Askatasuna plazan. Hauxe aurtengo edizioko berrikuntza nagusietakoa. Igande goizeko 11:30etan hasiko da Sagardo Eguna. Hortik aurrera, egun osoz jan edana, eta jai giroa nagusituko dira Usurbilen.