Aldaketa edo berrikuntza batzuk txertatu ditu Sagardo Egunaren Lagunak antokuntza taldeak, igandean ospatuko den XXXI. Sagardo Egunerako. Tartean bada, iaz ospatu ez zen, baina tradizio luzea izanik, aurtengo edizio honetan berreskuratu duten ekitaldi bat; sagardo botatzaileen txapelketa hain zuzen. Usurbildarrek parte hartu dezakete, igande eguerdiko 12:00etatik aurrera, frontoiko oholtza gainean ospatuko den lehia honetan.
Ordurako, 11:30etan irekiera ekitaldia burutu ostean, zabalik izango dira pilotalekuan bertan, Dema plazan eta Askatasuna plazan, 48 sagardo postu. Horietako bakoitzean, sagardo botatzen arituko dira hainbat herritar. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, sagardo botatzen aritu asmo dutenek, igande goizeko 8:00etarako frontoira agertu beharko dute. Zehaztasun gehiago, biharko, Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, 19:30etan Potxoenean deitu duen bileran.