Desadostasunak sindikatuen artean, sektore publikoko greba egunari begira

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 16a, 00:00

Datorren maiatzaren 31rako ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek Hego Euskal Herrian sektore publikoan deituriko greba egunak aldaketak izan ditzake. BERRIAren edizio digitalaren arabera, ELA eta EILAS sindikatuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan greba "birformulatzea" erabaki dute. Hau da, "borroka eta mobilizazio eguna" deitu dute hiriburuetan hilaren 31rako, greba egunaren ordez; "EAEko zerbitzu publikoetako greba deialdia birformulatzea erabaki dugu, maiatzaren 31rako borroka eta mobilizazio eguna iragarriz, kontzentrazioekin, itxialdiekin eta kaleko protestekin".  Sindikatu guztiek adosturiko ardatz nagusiekin ados egoten jarraitzen dutela berri eman dute gaur, ELA eta EILAS sindikatuek. 

Bi sindikatuok erabaki dutenarekiko ere desadostasuna agertu du LAB sindikatuak. Egoera berri hau, ostiraleko batzarrean aztertuko duten arren, greba egunerako egina zegoen planteamenduan "elementu berririk" ez dela agertu diote. 

Iturria: BERRIA.

Zerbitzu publikoak indartzearen alde
Sindikatuek, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsal eta doakoaren alde antolatua dute aipatu lan uztea maiatzaren 31rako. Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ez aplikatzea eta orain arte onarturiko murrizketak indargabetzea eskatzen dute. Baita enplegua sortzeko politikak martxan jarri, politika fiskalak aldatu eta oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea ere. Hitzez hitz, hauek dira greba deitu duten sindikatuen hiru eskaera nagusiak:

"1.- Ez ditzatela Madrilgo neurriak onartu eta aplikatu.

2.- Atzera bota ditzatela orain arte hartutako neurriak eta murrizketak, hala nola, Mahai Orokorretan ezarritakoak, sektore ezberdinetan inposaturikoak, aurrekontuen bidez egindako mozketak…

3.- Alda ditzatela politika fiskalak eta sustatu ditzatela zerbitzu publikoak, egun inoiz baino sendoagoak behar baititugu".

Joan den otsailaren 9an ere, sektore publikoko murrizketen aurka lau orduko lan uztea deitu zuten. Egun hartan udaletxe atarian ateratako argazkia da ondokoa.