Gipuzkoa Zero Zaborrek Europe Zero Waste bilgunean sartzea eskatu zuen, Europa mailako zero zabor mugimenduak asteburuan Donostian burutu zuen kongresuaren baitan. GZZ-koek euren web orrian, jardunaldiotan egin zuten eskaeraren inguruko edukia jaso dute. Nazioartetik etorritako hainbat adituei zuzenduz, adierazi zutenez, "Gipuzkoa Zero Zabor, Zero Waste Europeko kide izateko eskaria egiten dugu, zuen onespena hartzeko esperantzan".
Europa mailako zero zabor jardunaldiak Gipuzkoako hiriburuan ospatzearen garrantzia ere nabarmendu zuten. "Zero Waste Europeko kideok, egunotan Gipuzkoan egoteak eta zuen informazio eta iritziek lagunduko dutela berriro hondakinen afera bere eremura eramaten. Ordainetan, Zero Wasteko emakume eta gizonok, adiskideok… agintzen dizuegu guk zuengandik hartu dugun neurri berean saiatuko garela laguntzen Europan eta munduan hondakin gutxiagoko eta justizia handiagoko gizadiaren alde lanean ari diren guztiei", GZZ-koek adierazi zutenez.
Aipamena usurbildarrei
Euren diskurtsoan, zero zaborrerako norabidean apustu egin dutenak gogoan izan zituzten. "Gipuzkoarrek zor handia diegu errausketaren aurka, hainbat herritako plataformetan jardundako herritarrei, horrek erakutsi baitzigun, errausketa, giza osasunarentzako, ingurumenarentzako, ekonomiarentzako eta lehengaien erabilera artetsuarentzako kaltegarria dela. Eta zor handia diegu baita, hondakinak ondo kudeatuz gero, baliabide bihurtzen direla erakutsi ziguten hautetsiei, bereziki, atez ateko bilketaren alde Usurbilen ausart jokatu zutenak ditugu gogoan", adierazi zuten.
Eta hondakinen kudeaketak azken urte luzeotan Gipuzkoan eragin duen arazoaren inguruko argibiderik ere eman nahi izan zieten. "Hondakinen gatazka Gipuzkoan politizatu baldin bada, Zero Zabor mugimenduan gabiltzan boluntarioen gogoaren kontra gertatu dela", zioten GZZ-ko ordezkariek.