D3M-Askatasuna epaiketa: fiskala bi auziperatu absolbitu eta gainerakoentzat espetxe zigor txikiagoak eskatzearen alde

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 17a, 00:00

Hedabideen arabera, gaur amaituko da D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa. Azken ondorioak aurkezten ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak orain arte, 13 auziperatuentzat eskatzen zituen espetxe zigor eskaerak aldatu ditu. Zehazkiago esanda, auziperatuetako bi, Fernando Antia eta Aitor Ligerzana absolbitzearen alde agertu da. Lehen zazpina urteko espetxe zigor eskaera egina zuen Fiskalak.

Gainerakoentzat espetxe zigor murritzagoak eskatu ditu. BERRIA.info atariaren arabera, "Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira jaitsi die fiskalak —ETAko kide izatea leporatzen die—, eta Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari zazpi urteko eskaera bostera —ETAri laguntza ematea egozten diete".

Epaiketa gaur amaitu liteke
Hedabide batzuen arabera astelehenerako finkatua zuten aste honetako lehen saioa, baina ez, azkenean, iragarri moduan, ostegun honetan jarraituko D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketak. Goizeko 10:00etan hastekoa zen saioa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hedabideen arabera, epaiketa gaur bertan amaitu liteke, maiatzaren 17ko saio honetan azken ondorioetara helduko baitira.

13 euskal herritar daude auziperatuak, tartean Agurtzane Solaberrieta usurbildarra. Fiskalak 7 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte guztientzat, ETA-ko kide izatea edo erakunde armatuarekin kolaboratzea egotzita. Akusazioak deitutako lekukoek aldiz, epaiketa osoan zehar ezin izan dute D3M eta Askatasuna ETArekin lotzen duten froga zehatzik aurkeztu.

Epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen burutu dira Usurbilen, azken asteotan. Herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" sostengu taldeak antolatuta, elkarretaratze, batzar edota beste zenbait ekitaldi burutu dira.