Gaurtik aurrera salgai, Ikastola Eguneko bazkaritarako sarrerak

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 17a, 00:00

Ekaineko lehen igandean ospatuko da 2012ko Ikastola Eguna. Udarregik antolaturiko jai egunaren baitan, bazkaria burutzen da frontoian. Bertara joateko asmoa dutenek, adi. Hilaren 3ko otordura joateko txartelak, aldez aurretik erosi behar dira eta. Ostegun honetan hasi eta maiatzaren 28ra arte salgai jarriko dituzte ikastolako idazkaritzan. Helduek 20 eurotan eskuratu ahal izango dituzte. Udarregitik web orri bidez ohartarazi dutenez, diru kopuru horretatik 2 euro Lodosako ikastolaren alde izango dira. Ikasleek 10 eurotan erosi ahal izango dituzte. Informazio gehiago, udarregi.com web orrialdean edota ikastolara bertara deituta, 943 36 12 16 telefono zenbakira edo email bat bidalita, usurbil@ikastola.net helbidera.

Bertso jaialdia, azoka, buruhandi erakusketa...
Ekainaren 3an ospatuko da Ikastola Eguna, baina igande horren aurretik, hitzordu gehiago antolatu ditu Udarregi Ikastolak. Tartean, asteotan Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak deituta, burutu den buruhandi tailerreko lanak erakusgai jarriko dituzte eta kalejira ere egitekoak dira, hilaren 1ean. Egun horretan gainera, Txan magoa Usurbilen egotea aurreikusia dago. Ekainaren 2an, Haur Eskolak azoka antolatu du, "Merkatu Txikia". Trukea eta berrerabilera bultzatuko ditu. "Etxean erabiltzen ez ditugun gure txikien gauzak (arropak, jostailuak, puerikulturako tresnak, aulkitxoak...) ekarri eta behar dituenari eman eta zerbait behar baldin badugu, hartzea", horixe Haur Eskolak antolaturiko ekimenaren helburu nagusia. Bertso Jaialdia ere ospatuko da, maiatzaren 28an.