Donostiako Udalak 17,3 milioi euro inbertitu asmo ditu Eskuzaitzetan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 17a, 00:00

Donostiako Udaleko Bilduk eta EAJ-PNV-k legegintzaldi osorako akordioa adostu dute, hiriburuan datozen lau urteotan burutu asmo diren inbertsioei dagokienean. Dirutan, egitasmo desberdinetara 78 milioi euro bideratu nahi dituzte, urte honetan hasi eta 2015 arte. Horietatik, 20 milioi euro 2012ko inbertsioetara, 34,6 milioi euro 2013koetara, 16 milioi euro 2014koetara eta beste 5 milioi 2015ekoetara. 

Esku artean duten egitasmoetako bat, hedabideek berri eman dutenez, Zubietako Eskuzaitzeta eremua urbanizatzea da. Guztira, 17,3 miloi inbertitu asmo ditu Donostiako Udalak, erraustegia, kartzela eta industria gunea aurreikusiak dauden eremua urbanizatzeko. Tabakalera, Kursaal edota Loiolara bideratuko dituzte beste hainbat diru partida. Inbertsio guztiok, Donostiako Udalak jasotzea espero dituen diru sarreren azpitik egongo direla aurreikusten dute.

Bi alderdiek adosturiko akordioa, Donostiako Udalean maiatzaren 30ean burutuko den osoko ohiko bilkuran onartu beharko dute. Bi alderdietako ordezkariek malgutasunez jokatu dutela adierazi dute. Donostiako Udaleko alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan, akordioak egonkortasuna ekarriko dio hiriburuari. EAJ-PNV-ko ordezkari Eneko Goiak ezinbestekotzat jo du akordioa, arduraz eta zuhurtasunez jokatu dutela dio, hiriburuko interesei lehentasuna emanez.