Aitzaga irekiko dute, Sagardo Egunean

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 17a, 00:00

Auzitegi Nazionalaren aginduz 2006az geroztik joan den otsailera arte itxita egon zen Aitzaga Elkarteko taberna irekiko dute igande honetan ospatuko den Sagardo Egunean. Usurbilgo Ezker Abertzaleak usurbileginez.com web orri bidez iragarri du albistea. “Aitzaga Elkartea martxan jartzeko ilusioa aurrera doa egunez egun. Lan bikaina egiten ari da Aitzaga irekitzeko guztiaz arduratzen ari den lan-taldea. Urrats asko eman dira eta horiek aurrera doazen neurrian, bestelako urrats garrantzitsu bat eman nahi da igande honetan. Herrian ospatuko den Sagardo Eguna aprobetxatuz, Aitzagako taberna zabalduko da. AITZAGA usurbildar abertzale eta ezkertiarren bilgune eta topaleku izaten jarraitzea nahi dugulako Sagardo Egunean ateak zabalduko ditu”, adierazi dute.

Lanerako jendea behar dute
Iganderako ordea barran lan egiteko boluntario bila dabitza. Lanerako prest daudenei, larunbat goizeko 10:00etan Aitzaga Elkartera gerturatzera deitzen zaie. Iganderako izen emateko eta “Sagardo Egunerako dena prest edukitzeko laguntza emateko”.