Usurbil Kirol Elkartea omenduko dute, igandeko Sagardo Egunean

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 17a, 00:00

Eskubaloi taldeak biltzen dituen Usurbil Kirol Elkartea omentzea erabaki dute aurten, Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek. Omenaldia, igandeko XXXI. Sagardo Egunaren hasiera ekitaldian ospatuko da, goizeko 11:30etatik aurrera pilotalekuan jarria egongo den oholtza gainean. Usurbilgo ereserkia edota Ziortza bera omendu dituzte aurreko edizioetan, aurten, aipatu moduan Usurbil Kirol Elkartea omenduko dute, mende erdia betetzear den honetan. Datorren urtean, elkarteak 50 urte beteko baititu. 

Hasiera ekitaldia, Jexux Artzeren omenez, txalapartariek girotuko dute. Hortik aurrera, jai giroa lehertuko da frontoian, Dema plazan eta Askatasuna plaza inguruetan. Inoiz baino postu kopuru gehiagotatik osteratxoa egiteko aukera izango da maiatzaren 20an. 48 postu jarriko dituzte eta denetariko sagardoak dastatzeko aukera egongo da. Herriko baserritarrenak, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kideenak, kide ez direnenak eta baita Eusko Label zigilua dutenena ere. Sagardo dastatze saio azkarrak burutuko dira baita, Askatasuna plazako bola-tokian.