Hiru egun baino ez dira geratzen, Usurbilgo XXXI. Sagardo Eguna ospatzeko. Maiatzaren 20ko festa egunean, sagardoa zerbitzatzen aritu asmo dutenentzat bilera antolatu dute gaurko Sagardo Egunaren Lagunak bilgunekoek. Hitzorduan zehar, igandean egin beharrekoaren berri jasoko dute bertaratzen diren herritarrek. Bilera Potxoenean burutuko da, gaur arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Bihar, sagardo dastatze eta afaria
Igandeko Sagardo Eguna girotzen hasteko bestalde, Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek dastatze saio eta afaria antolatu dute ostiral honetarako, maiatzaren 18rako Saizar sagardotegian. Arratsaldeko 20:00etan hasiko den ekitaldian, Fernando Vadillo enologoaren laguntzaz, Alemaniako eta bertako sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da, eta baita Saizarren afaltzeko aukera ere. Katak eta sagardotegiko menua, guztira 29 eurotan dastatu ahal izango dira. Afaritara joan asmo duenak deitu dezala Saizar sagardotegira. Hauxe du bertako telefono zenbakia: 943 373 995.
Frontoi ingurua itxuraldatzen egunotan
Antolakuntzakl, hileotan burutu duen prestaketa lanaren emaitza igandeko Sagardo Egunean ikusi ahalko dugu. Usurbildarrentzat bereziena den urteko festa egun bezpera hauetan ordea, pilotalekua edota Dema plaza ingurua itxuraldatzen nola joango den ikusteko modua izango da. Igandeko azpiegitura guztia prest izateko lanak, egunotan abiatuko baitira.
Sagardo Eguneko egitarau osoa, web orrialde honetako Agenda atalean ikusgai, baita maiatzaren 18ko astekariarekin batera kalean den gehigarri berezian ere. Web orrialde honetatik bertatik, pdf formatuan deskarga daiteke.