Dena prest, igandeko XXXI. Sagardo Eguna ospatzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 18a, 00:00

Sagardoa, sagardogileak, sagardozaleak… Guztiek bat egingo dute igande honetan, maiatzaren 20an Usurbilen ospatuko den XXXI. Sagardo Egunean. Ohi bezala, goizeko 11:30etan lehertuko da jai giroa, hasiera ekitaldiarekin. Aurreko edizioetako usadioari jarraituz, aurtengoan ere herriko elkarte bat omenduko du Sagardo Egunaren Lagunak bilguneak; 2013an 50 urte beteko dituen Usurbil Kirol Elkartea hain zuzen. Eskubaloi taldeetako ordezkariek emango diote hasiera beraz, etziko sagardo festari. Hortik aurrera, inoizko postu kopuru handienetik barrena, 48 postuetan zehar osteratxoa egiteko aukera izango da, frontoian, Dema plazan eta Askatasuna plazan.

Berrikuntzarik ere izango du aurtengo edizioak, dastatze saio azkarrekin. Jatekoa, Askatasuna plazan egongo da. 

Musikak girotuko du bazkalostea
Bazkaltzeko ordura arte egongo dira sagardo postuak. Baina bazkalostean ere jaiak jarraituko du; kalean noski. Zestoako Laranjadi txarangak Kaxko inguruak girotuko ditu, eta 17:00etatik aurrera, Fun & Go taldearekin erromeria ospatuko da frontoian.

 

Hona hemen, Sagardo Eguneko egitarau osoa:

Goizean zehar, Zumartxan txarangarekin kalejira.
11:30 Hasiera ekitaldia: txalapartariak, eta 50 urte betetzen dituen Usurbil Kirol Elkarteari omenaldia.
12:00 Sagardo botatzaileen txapelketa.
Bazkalondoan, Zestoako Laranjadi txaranga.
17:00 Erromeria frontoian, Fun & Go taldearekin.

Eta gainera:

-Goizean zehar, frontoian Herriko baserritarrak eta beste sagardogileak izango dira.

-Dema plazan Gipuzkoako sagardogileen elkarteko postuak jarriko dira.

-Askatasuna plazan Eusko Labelean sartuta dauden sagardoak dastatzeko aukera izango da.

-Askatasuna plazan, parrillan egindako oilasko pintxoak banatuko dira.

-Bola tokian sagardo probaketa egingo da enologo baten laguntzarekin.

 

Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.