Santixabaletako haur danborradan izen emateko aukera berria, larunbat goizean

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 18a, 00:00

Joan den larunbatean bezala, bihar Santixabeletako haur danborradan izen emateko aukera egongo da, goizeko 11:00etatik aurrera Agerialden. Antolatzaileek gogorarazten dutenez, 5 urtetik gorako haurrek parte har dezakete danborradan. Banderadun, gastadore eta kantinerentzat plaza mugatuak egongo direla gaineratzen dute. 

Helduena prestatzeko saioak, ekainetik aurrera
Helduen danborradan apuntatzeko pixka bat itxaron beharko da oraindik. Ekainaren 4an, astelehena, 20:00etan Agerialdeko beheko frontoian finkatu dute izen emateko hitzordua. Entsegu saioak ere, hortik aurrera, astelehen eta asteazkenetan, 20:00etan burutuko dira Agerialden.

Egitarau Diseinu Lehiaketa
Santixabeletako Egitarau Diseinu Lehiaketarako lanak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du, maiatzaren 25era arte. Egitaraua diseinatzeko, lehenbizi, egitarauko testua jaso behar da, testu horretan oinarrituta burutu behar baita diseinu lana. Testua, Potxoenean jaso behar da. Lehiaketan parte hartzeko asmotan direnek, bete beharreko beste baldintzen artean, jakin beharra dute honakoa ere. “Jaietako egitaraua euskaraz egingo da eta gaztelaniazko laburpena egitarauaren amaieran jarriko da. Letra tamainaren aldetik, euskarari lehentasuna emango zaio. Diseinuak egitarauaren orri guztiak hartu behar ditu bere baitan”, dio araudiak. Aurreko urteetan bezala, lanaren neurria librea izango da eta “formatu artistiko guztiak onartuko dira: pintura, akuarela, collagea, argazkiak, digitala…”.

Egilearen zantzurik gabe
Berdintasun Legea bete beharko dute diseinu lehiaketako lanek. “Hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira”, diote lehiaketako baldintzek. Lanean bestalde, ezingo da egilearen seinalerik agertu. “Datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia) gutunazal itxi batean adieraziko dira. Gutunazalean, izengoiti bat jarriko da, eta izengoiti hori bera agertuko da aurkeztutako lanaren atzealdean”. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Argibide edo informazio gehiago 943 371 999 telefono zenbakian edo kultura@usurbil.net helbidean.