Gaur abiatuko da Usurbil Cup, 350 jokalarirekin

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 18a, 00:00

6-14 urte arteko 350 haur eta gaztetxo, horietatik 140 inguru neska, gaurtik aurrera futbolean jokatzen ikusiko ditugu, primeran pasatzen gainera. Asteburu honetatik aurrera abian izango baita Usurbil Cup txapelketa. 35 talde osatu dira Usurbil FT-k antolatu duen kirol ekimenaren aurtengo ediziorako. Mutilez osaturiko edo mistoak diren taldeen artean, minibenjamin mailako bost taldeek parte hartuko dute, alebin mailako lauk eta infantil mailako beste bostek. Nesken taldeak ere osatu dira. LH 3,4 eta 5.mailako ikasledun sei talde, eta beste bost, LH 6. mailako eta DBH 1 eta 2 mailetako ikasleekin. 

Usurbil Cup txapelketako partidak ikustera gerturatu nahi duenak, adi eskenatoki desberdinak izango baititu; bai behintzat, frontoia, Oiardo Kiroldegia eta baita Santueneako zelaia ere. 

Antolakuntzatik asteburuan hasiko den txapelketari begira ohartarazi dutenez, "derrigorrezkoa da talde bakoitzak 18 urtetik gorako pertsona bat izatea aulkian eserita. Bestela, ezingo dute partida jokatu". San Juanak arte luzatuko da 2012ko txapelketa.