Herrira mugimenduak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarriak hiriburu eta udalerrietako plazetara eraman nahi ditu, larunbat honetan, maiatzaren 19an antolatu duten "Goazen plazara" ekimenaren bidez. Usurbilgo Herrira mugimenduak deialdiarekin bat egin eta argazki erraldoi bat atera asmo dute. "Presoak Herrira" hitzak osatu nahi dituzte, horregatik, herritarrak larunbat arratsaldeko 19:30etan Dema plazara agertzera deitzen dituzte.
Usurbilen bakarrik ez, antzeko beste hainbat hitzordu deitu dira baita Euskal Herri osoan. Hainbat eragile sozial, politiko eta norbanakoek ere bat egin dute “Goazen plazara” ekimenarekin. Deialdion informazio gehiago herrira.org web orrialdean.
Eskualdeko elkarretaratzea Sagardo Egunean
Ez da ordea, presoen eskubideen alde astebururako antolatua dagoen mobilizazio bakarra. Biharamunean, hau da, igandeko Sagardo Egunean Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eskualde mailako elkarretaratzea deitu du, 13:00etan Mikel Laboa plazan.