Sagardo dastatze saioak, aurtengo berrikuntza nagusia

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 18a, 00:00

Bada berrikuntzarik igandeko Sagardo Egunari begira. Batetik aipatu, aurtengoan, usurbildarren sagardo botatzaileen txapelketa berreskuratu duela antolakuntzak. Iazko etenaldiaren ostean, igande eguerdiko 12:00etatik aurrera, sagardo zerbitzari finenak lehian ikusiko ditugu berriz.

Baina bada nabarmentzeko moduko bestelako nobedaderik ere aurtengo edizioan. Askatasuna plazako bola tokian, sagardoa enologo batekin dastatzeko aukera egongo da hilaren 20an, Guillermo Castañosekin hain zuzen. Taldeka, bola tokian bertan dastatze saioetan parte hartu ahal izango dute herritarrek etzi. 

Dastatze saioa gaur
Girotzen joateko, beste dastatze saio bat ere antolatu dute ostiral honetarako, Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek. Alemania eta bertako sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da gaur, 20:00etatik aurrera Saizar sagardotegian. Fernando Vadillo enologoak gidatuko du saioa. Dastatze saioa eta sagardotegiko menuaren prezioa, 29 euro. Edonor joan liteke afarira. Halere, bertaratzeko asmoa duenak, dei dezala aldez aurretik Saizar sagardotegira. Hauxe du bertako telefono zenbakia: 943 373 995.