Ekainaren 2an: Merkatu Txikia

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 21a, 00:00

Haur Eskolako Gelaburuek merkatu txikia antolatu dute ekainaren 2rako. Deialdia gutun bidez egin dute eta hemen duzue gutuna, bere horretan:

"Ekainaren 2an: Merkatu Txikia

Guraso agurgarriak, datorren ekainaren 3an Udarregi Eguna ospatuko dugu Usurbilen. Egun horren baitan, hurrengo aste osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu dira. Haur Eskolako Gelaburuen bileran, Ikastolaren Egunean gurasook zerbait berezia ere egin genezakeela pentsatu genuen, eta hori dela eta, iaz bezala, ekintza bat proposatzen dizuegu Haur Eskolako guraso guztioi: ekainaren 2an larunbata Merkatu Txikia egitea. Etxean erabiltzen ez ditugun gure txikien gauzak (arropak, jostailuak, puerikulturako tresnak, aulkitxoak e.a.) ekarri eta behar dituenari eman eta zerbait behar baldin badugu, hartzea.

Doan izango litzateke dena.

Haurdun zaudeten familiak ere lasai etorri, falta zaizuen hori topatu dezakezue eta!

Era honetan, festa giroan eta gure txikiekin batera, guztiok batera ekimen eder bat egin dezakegu.

Horretarako nahikoa duzue ekainaren 2an 10:00etan Haur Eskolako psikomotrizitate gelara etortzea etxean dagoeneko behar ez duzuen material horrekin (erabiltzeko moduan egon behar du).

Tartean, hamaiketako goxo bat egingo dugu.

Animatu goiz eder bat pasatzera!

Haur Eskolako Gelaburuak"