Estradizioaren aurka, Patxi Segurolak Kasazio auzitegian (Gorena) aurkeztua duen helegitea aztertuko du gaur Parisko epaitegiak, usurbileginez.com web orria berri ematen ari denez. Gaineratu dutenez, "seguru asko hurrengo egunean jakingo da erabakia". Ziurrenik beraz, bihar asteazkena. Helegitearen inguruan Parisko epaitegiek bi erabaki har ditzakete, helegitea onartu edo atzera botatzea. Kasu bat edo beste izan, ondorioak ere desberdinak izan litezke aginagarrarentzat. Usurbilgo Ezker Abertzaleko web orrialdetik adierazi dutenez, ezin jakin kasu bat edo bestean zer gerta dakiokeen.
"Bere helegitea ontzat ez badute ematen, hau da, estradizioa berretsiko balute, Justizia Ministroak dekretu bat sinatu behar du estradizioa gauzatzeko. Dekretu hori derrigorrez jakinarazi behar diote Patxiri. Orduan Estatuko Kontseiluari estradizioa ez gauzatzeko eskaera egin diezaioke. Bi urrats horiek (dekretua eta Estatuko Kontseiluari egindako eskaera) zenbat denbora hartuko duten ezin da jakin. Dena dela, ez dira suspentsiboak, hau da, behin Kasazio auzitegiak ontzat eman ostean, nahi badute estradizioa gauzatu dezakete eta erabakia gero hartu. Beste aukeren artean bere helegitea onartzea litzateke eta horrela estradizio eskaera behin betiko errefusatua geratuko litzateke. Hori gertatuz gero, konfinamenduan mantenduko duten edo Estatu Espainola ez den beste herrialde batera bidali duten ezin dugu jakin", ohartarazi du usurbileginez.com web orrialdeak.
Usurbilgo Ezker Abertzaleak Patxi Segurola, inolako baldintzarik gabe aske uztea eskatzen du. "Usurbildik animoak eta besarkadak bidaltzen dizkiogu. Usurbildarrei ere Patxirekiko elkartasuna adieraztera animatzen zaituztegu. Aurrera Patxi, hirekin gaude!" mezua helarazi dute Usurbilgo Ezker Abertzaletik.
2010eko azaroan geratu behar zuen aske Patxi Segurolak, 15 urteko espetxealdia bete ondoren, baina Madrilek estradizio eskaera igorri zuen. Orain urtebete geratu zen aske, aldiz Estatu frantsesak Autun herrian (Borgoinan) konfinatu zuen.
Otsailaren 15ean aurkeztu zuen helegitea, Parisek estradizio eskaerak onartu ostean
Estatu espainiarrak Patxi Segurola estraditatzeko eginiko bi eskaerak otsailaren 15ean onartu zituen Pariseko epaitegiak. Epaiketa saio oso laburra izan zen. Usurbileginez.com web orrialdetik berri eman zutenez, "epaiketak 5 minutu eskas iraun ditu eta epaitegian Patxi eta bere abokatuaz gain, Parisera babesa eta elkartasuna ematera joan diren herritarrak ere sartu dira. Epaia entzun eta segituan Patxik helegitea jarri du ebazpenaren aurka". Duela hiru hilabete jarri zuen helegitea aginagarrak. Ondorioz, helegitea zertan geratuko den argitu artean, aldez aurretik bezala, egoera berean, Autunen (Frantzia) konfinatuta jarraitu du Segurolak.