Bi eguneko eskalada ikastaroa antolatu du Andatza Mendizale Elkarteak, uztailaren 7 eta 8rako. Antolatzaileek berri eman dutenez, “jarduera rokodromoan eta aire librean burutuko da, eguraldiaren baldintzen arabera”. Gaineratzen dutenez, prezioak barne hartzen du, material teknikoa, goi-mendi eskolako irakasle bat 6 ikaslerentzat eta asegurua. Ez ordea, “aktibitateen basera arteko garraioa, janariak”. Ikastaroa uztailean burutuko den arren, ekainaren 11ra arte eman liteke izena. Ordainketak Kutxako kontu korronte zenbaki honetan egin behar dira: 2101.0069.16.0121883656. 50 euro bazkideek, 62 euro gainerakoek.
Errioxara irteera, ekaineko bigarren asteburuan
Bestalde, datorren hilaren 9 eta 10erako hain zuzen, mendi irteera antolatu dute Errioxara. San Millan de la Cogolla, Ezcaray, San Lorenzo, Valdezcaray inguruetan ibiliko dira. Asteburu pasa joateko aldez aurretik eman beharko da izena, ekainaren 4a baino lehen. 20 euroko ordainketa egin beharko da, Andatza Mendi Kirol Taldeak Kutxan duen kontu korronte zenbaki honetan: 2101.0069.16.0121883656. Guztira halere, 60 euro ordaindu beharko dituzte Andatzako kideek, 65 euro gainerakoek. Prezio horren baitan sartzen da, aterpeko pentsio erdia eta joan etorria egiteko autobusa.
Bilera ekainaren 7an
Asteburu pasa joan asmo dutenek, irteerari buruzko argibideak jaso ahal izango dituzte, Andatza Mendizale Elkartekoek ekainaren 7rako, 19:00etan Sutegin antolatu duten bileran. Antolakuntzaren oharra: "Gogoratu federatzea garrantzitzua dela. Andatza Mendizale Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietako eta irteeretako federatuen istripuak, mendi federazioko aseguruak babesten ditu. Gainontzeko partaideen asegurua norberaren ardura da".
Hona hemen, antolakuntzak ekainaren 9 eta 10erako zehaztu duen egitaraua (informazio gehiago, andatza.com web orrialdean):
Ekainak 9: San Millan de la Cogolla-Ezcaray
6:30ean irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik.
San Millan dela Cogollatik abiatu (ondoko argazkian), eta GR-93 ibilbideari jarraituko diogu. Pazuengos, eta Turza herriak eta Larrizabala lepoa igaroko ditugu Ezkarayra iristeko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da. “El Alberge dela RealFäbrica” aterpean hartuko dugu hostatu bertan afaldu eta lo egiteko.
Ekainak 10: Ezcaray-San Lorenzo-Valdezcaray
Aterpean gosaldu ondoren, Ezcaraytik abiatu eta Demandako zerrako belardietatik San Lorenzo mendiko bidea hartuko dugu (2271 m). Gailurra egin ondoren Valdezcaray eski estaziora jaitsiko gara, ondoren autobusa hartu eta Usurbilera itzultzeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da.
Bi ekimen hauen inguruko informazio gehiago: andatza.com