Orain artean Kaxkora gerturatu izan den San Marko Mankomunitateko kamioian edo Pikaola eremuan, nahiz herriko enpresa eta saltokietan bildu izan ohi da herritarrek etxean erabili ohi duten olioa. Baina zer hobetua badela jabetuta, eta "bilketa sistema eraginkorragoa duten herrietan biztanleko urtean kilo bat olio" biltzen ari direla ohartarazita, aipatu gai hau biltzeko sistema eraginkortu asmo du Usurbilgo Udalak. Ekainaren 1etik aurrera, olioa biltzeko puntuak egokituko ditu auzoz auzo, herriko dendariekin elkarlanean. Hala eman du jakitera prentsa ohar bidez, udal ingurumen departamenduak.
Udaletik helarazi duten datu bat; iaz, etxeetan biztanleko eta urteko, 0,48 kg olio erabili jaso ziren Usurbilen. Enpresa, taberna, elkarte edo kometzioetan, 61.430 kg. "Guztia ez bada ere zati bat jada egoki bildu eta birziklatzen ari gara", berri eman dute ingurumen departamendutik. Jasotako olio erabiliarekin, Ekogras enpresak ibilgailuetan erregai moduan erabiltzeko biodiesela ekoizten du. Olio litro bakoitzarekin, biodiesel litro bat. Xaboia edo industria lanetarako taladrinak egiteko ere erabilgarria da. Aldiz, birziklatu ez eta botatako olio litro batek, 1.000 litro ur kutsatzen ditu eta Udaletik gaineratzen dutenez, "etxeetako hodietan arazoak baino ez ditu sortzen eta haraztegietan ere oso zaila da oliodun ura kudeatzea".