Joan den igandeko Sagardo Eguna antolatzeaz arduratu zen Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, eskerrak eman nahi dituzte, NOAUA!-ra helarazi duten mezu honen bidez. Eskerrak euren esanetan argi baitago, "ez dagoela egun zapuztuko duen ekaitzik".
Hemen, antolakuntza taldearen mezua bere osotasunean:
"Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak elkarteko kideok usurbildar guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, igandean izandako eguraldi txarraren aurrean emandako erantzun beroagatik. Euriak ez zuen atsedenik eman goiz guztian zehar, baina hala ere postu denak beteta izan ziren sagardo botatzeko garai guztian. Betiko moduan, goizeko 8tarako han elkartu ginen egunari gogoz ekiteko asmotan. "Eutsiko ote dio", "gutxienez ordu pare bat atertuko balu" eta antzekoak entzuten ziren, baina aurreikuspenik okerrenak beteta, euri jasa etengabea izan zen. Hala ere, festa gogoa eta ilusioa zen nagusi. Pontxoak jantzi, eta aurrera.
Horregatik, lerro hauen bidez botatzaileoi, sukaldarioi, baso postuetakooi eta modu batera edo bestera XXXI.Sagardo Eguna aurrera ateratzeko ahalegina egin duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Aurtengoan argi geratu da Sagardo Eguna berezia dela usurbildarrontzat, eta ez dagoela egun hau zapuztuko duen ekaitzik.
Mila esker guztioi, eta GORA USURBILGO SAGARDO EGUNA!!
Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak Elkartea