Erraustegiaren aurka, haize errota erraldoi eta koloretsua eraikitzeko deia ekainaren 17rako

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 22a, 00:00

Zubietako iazko flash mob-a erronka handia bazen, eta 2.000 lagunetik gora bildu bazituen, apustu handiagoa egin nahi dute oraingoan, Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) bilgunetik. Errausketaren aurka eta herritarren laguntzaz, haize errota koloretsu eta erraldoi bat irudikatu nahi dute ekainaren 17an, Donostiako Saguesen. “Kolorezko haize errota erraldoiaren bidez, etorkizuna aldarrikatu nahi dugu, itxaropena. Inork ez dauka posiblea den mundu hobeago batean bizitzeko daukagun itxaropena zapuzteko eskubiderik. Etorkizuna koloretan nahi dugu eta hori aldarrikatuko dugu”, iragarri zuten GZZ-ko kideek, ekimena aurkezteko joan den ostiralean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini zuten agerraldian.

Ekainaren 17ko mosaiko erraldoiari zer nolako itxura eman nahi dioten, eskutan zituzten haize errotekin irudikatu nahi izan zuten. Eta modu honetan azaldu zuten, nola burutu nahi duten ekimen berri hau. “Haize errota, herritar guztion artean osatuko dugu. Herritarren konpromisoa eskatzen du horrek. Milaka herritarren konpromisoa. Ekainaren 17an gure lekua hor dagoela aurrez erakutsiko dugu. Horretarako gutako bakoitzak mosaikoa osatzeko banatuko ditugun piezen bidez hartuko dugu lekua eta bertan egoteko konpromisoa. Hau guztia aurrera eramateko, herri guztietan lantaldeak osatzeko deialdia egingo dugu. Etorkizunak konpromisoa eskatzen duelako. Ezin dugu ikusle hutsak izan. Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu”, esplikatu zuten.

Kolorea, iraunkortasuna eta itxaropena
Mosaiko erraldoiarekin, GZZ-koen esanetan, “naturak dauzkan zikloak gure ekonomiak barnera ditzan eskatuko dugu, errotaren mugimendu zirkularrarekin. Errotak haizearekin egiten duen bezala, naturan dauden baliabideak, natura kaltetu gabe erabiltzea aldarrikatuko dugu”. Ez hori bakarrik, baita noski, erraustegiko proiektua bertan behera uztea eskatzea ere. Euren esanetan, batzuek ekarri nahi duten “grisa, etsipena, porlana, zaborra, kea, kutsadura, errautsa, gaitza” bezalako kontzeptuen aurrean, “kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena”  helarazi nahi dute ekainaren 17an, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen ekimen honen bidez.

Ekimenari buruzko zehaztasun gehiago, antolatzaileek emango dituzte datozen asteotan. Informazioa noiznahi, GZZ-ren atarian: www.gipuzkoazz.com