Gomasaltoa egiteko aukera Azkoitian, ITAYAkoekin

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 23a, 00:00

Datorren ekainaren 9an, larunbata, gomasaltoa ("goming") egiteko aukera izango da ITAYA Gazte Asanbladakoek antolatu duten irteeraren bidez. Azkoitiako Azkarateko zubitik behera goma bati lotuta jauzia egin ahal izango da. Interesdunek igande honetara arte, maiatzaren 27ra arte dute Irrati tabernara joan eta bertan jarria dagoen zerrendan izen emateko aukera. Bertara joan ezin duenak, email bat idatzi dezake itaya@euskalerria.org helbidera. Argibide gehiago nahi dituenak ere, helbide horretara idatzi dezake. "Apuntatu beldurrik gabe eta animatu lagunak, sekulako esperientzia baita eta uste baino seguruagoa!", luzatu dute gonbita ITAYAtik. Antolakuntatik ohartarazi dutenez bestalde, "18 urtetik beherakoek beraien kargu egingo den heldu baten baimena eraman beharko dute idatzita". 

Izen ematerakoan 30 euro ordaindu beharko dira. Irteera eguna, aipatu moduan, hilaren 9rako finkatu dute. 16:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko dira Azkoitia aldera. "Kotxeetan joateko asmoa dugu, beraz eskertuko genuke ahal duenak berea ekartzea", berri eman dute ITAYAkoek. Parte hartzeko deia luzaten dute: "Hankak lurrari lotuta edukitzeaz nazkatuta? Hegan egin nahi instante batez? Etorri hadi ITAYArekin Azkoitiara gomasaltoa egitera!".