Hondakinen kudeaketari dagokionean, erabakigarria izango den hilabetea, ekaina, ate joka dugu jada. Batetik, hilaren 12an amaituko da herrialde honek Bizkaiarekin, hondakinak hara eramateko adostua zuen hitzarmena. Gainera, joan den urte amaieran indarrean jarri zen sei hilabeteko moratoria ere hilabete berean amaituko da. Bildu koalizioa buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo Pasaian burutu zuen ekitaldi batean, legegintzaldi honetarako plan estrategikoak aurkeztu zituen.
Tartean noski, hondakinen kudeaketan egin asmo dutena. Zehaztasun askoren berririk eman ez zuten arren, hondakinak erraustearen aurka agertu ziren. Aldiz, zero zabor norabidean pausoak emateko asmoa erakutsi zuten. Hain zuzen, gipuzkoaberri.net web orrialdean zintzilikatu dute gobernu taldearen datozen urteotarako egitasmoen plana eta bertan jasotzen denez, ingurumen alorreko helburu nagusietako bat, "hondakinen gestioa Europako zuzentarauen arabera" moldatzea da, "Europa mailako erreferente izatea lortu eta Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea bihurtzeko urratsak" ematea.
Aipatu planak, Aldundiak jarraitu asmo duen estrategia zein den argi dio: "Hondakinen kudeaketan eredu alternatibo bat ezartzea: Gipuzkoa Zero Zabor Lurraldea bihurtzea". Horretarako, ekintza desberdinak planteatzen ditu Aldundiak:
-Indarrean dagoen eredua aldatzeko urratsak ematea.
-Prebentzioa kontzientziaziotik haratago, praktika sustatzea.
-Hausnarketa eta adostasun gunea sortzea eta indartzea: Aholku Batzordea martxan jartzea.
-Aldundia, mankomunitate eta udalen laguntzailea bihurtzea.
Aurkezpena, 10 egun barru
Hondakinen kudeaketari loturiko plangintza berri bat prestatzen ari direla eta hamar egun barru aurkeztuko dutela iragarri zuten Aldundiko gobernu taldeko kideek, hedabideak gaur berri ematen ari direnez. Plangintza berri honekin, aurrekoarekin alderatuta, Aldundiak kostuak erdiraino murriztu asmo ditu.