Maiatzeko azken larunbata bihar, hilak 26, kantu zaleen eguna dugu. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak kantu-jira antolatu du. Bihar 19:00etan abiatuko dira, Mikel Laboa plazatik. Ohi bezala, afalordura arte luzatuko den ekitaldira, kantu-liburuxka eramatea ez ahazteko ohartarazten dute antolakuntzatik. Ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera noski.
Hitzordu bereziak ekainean
Aurreko urteetan bezala, Euskal Kantu Taldeak ekainean borobilduko du amaitzear den ikasturtea. Udako oporraldian murgildu aurretik ordea, euskal kantu zaleen bilguneak bi hitzordu berezi deitu eta ospatuko ditu. Batetik, hilaren 19an, Mikel Markez bueltan izango dugu Usurbilen. Duela hilabete gutxi Kantu Taldekoen entsegu saioetako batean parte hartu zuen Markezek, eta datorren hilean beste hainbeste egingo du.
Bigarrenik, ekaineko kantu-jira hitzordua herria Santixabeletan murgildua egongo denean ospatuko da. Hilaren 30ean hain zuzen. Aurreko urteetan, kantu-jira eta zikiro jana ospatu ohi dira. Aste batzuk barru kaleratuko den Santixabeletako egitarauak, aurtengo hitzordu honi buruzko zehaztasun gehiagoren berri emango du.