Herritarren laguntzaz, haize errota koloretsu baten itxura izango duen mosaiko erraldoia osatzea. Horixe da, Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak ekainaren 17rako, goizeko 10:00etarako Donostiako Saguesen finkatu duen erronka. Musikariak, bertsolariak edota Pirritx Porrotx eta Marimotots ere bertan izango dira. Mosaiko erraldoia eguerdiko 12:30etan osatuko dela iragarri dute antolakuntzatik. Aipatu moduan, iaz Zubietako flashmob ekimenean gertatu bezala, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da oraingoan ere. Usurbil Zero Zabor bilguneak, 500 herritar baietz joan, horixe egina duten apustua. Horregatik, abian dira Usurbilen ekaineko hirugarren igandeko hitzordua prestatzeko lanak.
Usurbil Zero Zabor bilguneak, datozen bi igandeotan, hau da, ekainaren 3an eta 10ean, eguerdi partean mahai bat jarriko du Dema plazan. Bertan, haize errota erraldoia osatzeko herritarrek eskutan hartu beharko dituzten kartulinak salduko dituzte. Bi egunotan gainera, Donostiako ekimenarekiko atxikimendu argazki bana aterako da; igande honetan, saldutako kartulinekin, eta hilaren 10ean, herri eragileetako ordezkariekin.
Ekainaren 8an bestalde, "Errausketari ateak ixten" dokumentala proiektatuko da Sutegin, 18:30etatik aurrera. Ekitaldia Usurbil Zero Zabor bilguneak eta ITAYA Gazte Asanbladak antolatu dute.
Parte hartzeko deia
Zubietako iazko flash mob-a erronka handia bazen, eta 2.000 lagunetik gora bildu bazituen, apustu handiagoa egin nahi dute oraingoan, Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) bilgunetik. Errausketaren aurka eta herritarren laguntzaz, haize errota koloretsu eta erraldoi bat irudikatu nahi dute ekainaren 17an, Donostiako Saguesen. “Kolorezko haize errota erraldoiaren bidez, etorkizuna aldarrikatu nahi dugu, itxaropena. Inork ez dauka posiblea den mundu hobeago batean bizitzeko daukagun itxaropena zapuzteko eskubiderik. Etorkizuna koloretan nahi dugu eta hori aldarrikatuko dugu”, iragarri zuten GZZ-ko kideek, ekimena aurkezteko joan den ostiralean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini zuten agerraldian.
Ekainaren 17ko mosaiko erraldoiari zer nolako itxura eman nahi dioten, eskutan zituzten haize errotekin irudikatu nahi izan zuten. Eta modu honetan azaldu zuten, nola burutu nahi duten ekimen berri hau. “Haize errota, herritar guztion artean osatuko dugu. Herritarren konpromisoa eskatzen du horrek. Milaka herritarren konpromisoa. Ekainaren 17an gure lekua hor dagoela aurrez erakutsiko dugu. Horretarako gutako bakoitzak mosaikoa osatzeko banatuko ditugun piezen bidez hartuko dugu lekua eta bertan egoteko konpromisoa. Hau guztia aurrera eramateko, herri guztietan lantaldeak osatzeko deialdia egingo dugu. Etorkizunak konpromisoa eskatzen duelako. Ezin dugu ikusle hutsak izan. Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu”, esplikatu zuten.
Kolorea, iraunkortasuna eta itxaropena
Mosaiko erraldoiarekin, GZZ-koen esanetan, “naturak dauzkan zikloak gure ekonomiak barnera ditzan eskatuko dugu, errotaren mugimendu zirkularrarekin. Errotak haizearekin egiten duen bezala, naturan dauden baliabideak, natura kaltetu gabe erabiltzea aldarrikatuko dugu”. Ez hori bakarrik, baita noski, erraustegiko proiektua bertan behera uztea eskatzea ere. Euren esanetan, batzuek ekarri nahi duten “grisa, etsipena, porlana, zaborra, kea, kutsadura, errautsa, gaitza” bezalako kontzeptuen aurrean, “kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena” helarazi nahi dute ekainaren 17an, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen ekimen honen bidez.
Ekimenari buruzko zehaztasun gehiago, antolatzaileek emango dituzte datozen asteotan. Informazioa noiznahi, GZZ-ren atarian: www.gipuzkoazz.com