Joan den astean iragarri moduan, ekainaren 1etik aurrera etxean erabilitako olioa biltzeko sistema indartuko du Usurbilgo Udalak. Ostiraletik hasita, erabilitako olioa San Markoko kamioian eta Pikaolako garbigunean biltzeaz gain, hiru larrialdi guneetan eta saltoki hauetan ere jasoko dute: Alkartasuna kooperatiba, Imanol Txapartegi harategia, Aliprox supermerkatua, Alkorta Autozerbitzuak, Artzabal supermerkatua, Esnaola Echave, Otar Goxo, Txalaka fruta denda eta Eiza denda.
Guztira beraz, udalerriko 14 guneetan burutuko da etxeko olio erabiliaren bilketa. "Olioa norberak ekarriko beharko du itxita egongo den plastikozko edo beirazko edukiontzitan (etxean sortzen diren poteak berrerabiliz) eta herriko dendari eta garbiguneko ohiko orduetan nahi denean utzi ahal izango dira pote horiek. Trukean, herriko dendariek txartelak banatuko dizkiete olioa utzi duten herritarrei, batzuk 10 €-ko saria izango dutelarik, dendan bertan erosketa egiteko. Ondoren Usurbilgo Udalak, dendarien laguntzarekin, olioa Ekogras enpresari emango dio biodiesela ekoitzi ahal izateko. Bilketa modu berri hau ekainaren 1etik aurrera abian jarriko dugu Usurbilen", adierazi dute Usurbilgo Udaletik, prentsa ohar bidez.