Larunbatean ospatu zen maiatzari dagokion Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen hitzordua; kantu-jira. "Usurbilgo kantuzaleak kantari ibili ziren kalez-kale. Susi Elosegiren laguntza eskergabea izan zuten Pello eta Amaia trikitilariekin batera", berri eman dute antolakuntzatik. Ohartarazi dutenez, herenegun egindako saioa ikasturteko azkena izan da. Datorrena iraila amaieran ospatuko da. Baina uztaila bitartean oraindik beste bi hitzordu nagusi deitu dituzte Kantu Taldetik. "Uda aurreko azken entsegua Artzabalen, ekainaren 19an izango da, oraingoan Mikel Markezen laguntza paregabearekin. Bestetik, ekainaren 30ean, Santixabeletan, Kantu Jira mundiala izango da. Kuxkuxtu txaranga lagun izanik kantuaz gozatzeko aukera ezin hobea, ondoren Kantu Zikiro Jana umoretsu bat ospatuz", iragarri dute.
Hitzorduotan parte hartzera deitzen dute. Gogorarazten dutenez, "Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolatzen duen ekimen honek, kantatzeko zaletasuna piztuz euskal kantuak bultzatzea du helburu. Asteartero egiten dira kantu entseguak ikastolan. Herritarrentzat irekiak dira bai entseguak eta baita Kantu Jirak ere".
Irudia: Kantu Taldea.