Santixabeletako XXXVI. Bertsopaper Lehiaketan, parte hartzea irekita

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 28a, 00:00

Abian da XXXVI. Bertsopaper Lehiaketan parte hartzeko epea. Bota Punttubatik berri eman dutenez, lehiaketako lanak ekainaren 25era arte aurkez litezke udaletxean. Gutunazal batean goitizenarekin. Barruan beste gutunazal batean egilearen datuak adierazi beharko dira. 6-10 bertso idaztea eskatzen dute oraingoan. Usurbildarrei eta baita Bota Punttubako kideei ere zuzendua dagoen txapelketa dela gogorarazten dute Bota Punttubatik. 

Gainerakoan, txapelketan parte hartzeko aurreko edizioetako baldintzak bete beharko dira:
-Usurbildarra izatea.
-Gai librean idaztea.
-Lanak, ekainaren 25a baino lehen Udaletxera eraman edo postaz bidali: 
XXXVI. Bertsopaper Lehiaketa
Joxe Martin Sagardia Enparantza
20170 Usurbil

-Lanek inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute.
-Gutxienez 6 bertso; gehienez 10.
-Saria: lehenak, 200 euro eta txapela. Bigarrenak, 150 euro. Hirugarrenak, 100 euro.
-Lanak egilea nor den adieraz dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz.
-Lanarekin batera gutun itxi batean partehartzailearen datu pertsonalak ipini.
-Erabakia jaietako bertso saioan emango da aditzera: ekainaren 30ean.

Jon Aizpurua, 2011ko txapelduna
Iazko edizioan, 2010ean bezala, Jon Aizpurua Esnaolak jantzi zuen txapela. Hauxe da, epaimahaiak saritu zuen usurbildarraren bertso sorta:

 

Hiltzen ez diren istorioei

Atzo balitza bezala

gordea lehen begirada

herriko festak aitzaki

joana nintzen plazara.

Trikiti soinuen lagun

hango dantza ta bultzada

bi begi urdinen ehiza

hasi nuen sigi-saga.

Esan zidaten zinela

marinelaren alaba

pausoz pauso joan nintzen

gaindituz nire ikara

inoiz sentitu ez nuen

taupaden arrapalada.

 

Hirurogeita bi urte

pasatuak honezkero

eta ilusio horri

eutsi diot egunero

etxera laguntzekotan

hasi genuena edo

aitzakia bihurtu zen

elkartzeko iluntzero

zure ile beltzaranak

ninduen karabinero,

zure masail gorritxoek

nire muxuak espero,

beste iluntze baten zain

loak hartzen nindun gero.

 

Ez ziren bi urte pasa

ezkondu ginenerako

gurera etorri zinen

mesede baserrirako

haseran ama, anaia,

eta osaba Donato

bi alaba, hiru seme

ia konturatzerako.

Gose urteak ondoren

zenbat trantze, zenbat malko

haziendak mantentzeko

sufritu genuelako,

behintzat bihotza ez nuen

nere hankak bezain flako.

 

Gorriak ikusi arren

hura ere gainditu zen

ukuiluan genituen

hiru txerri gizen-gizen

barazkiak ere bide

oparotik zihoazen

eta merkatuan salduz

aurrerantza gindoazen.

ondorenak ere hazi

eta bideari zuzen

gu ginen bezain zorteko

guztiak izan zitezen

ta berriz maitale gazte

bezala sentitu nintzen.

 

Adinak ez du barkatzen

eta zimurrak agertu,

nork ez lituzke hartuko

halako bi begi gertu!

jubilatu ordurako

nahiz ta bizkarrak okertu

ez al zen sentimendu hau

hamaika bider bidertu?

zure irrien distira

ez zen sekula atertu,

zuretzat dena hain bizi

nahiz besteontzat desertu,

sekula ezingo dizut

bizitakoa eskertu.

 

Orain zazpi hilabete

aurkitu zuten koskorra

malkotan ito nahi nuen

halako berri lehorra

amore ez eman arren

benetan da gaitz gogorra

nola liteke amets bat

golpez horrela izorra?

Saiakeraz saiakera

maniobraz maniobra

bularra kenduta ere

alferrik izan da, horra

zuk bizia galdu duzu,

nik bizitzako altxorra.

 

Baldosa zuridun gelan

xehetasun denei adi

nik ere eutsi nahi nion

zure azken arnasari

pantailako marratxoak

ez zuen segi saltari

zure bihotzaren hotsak

ez zuen segi kantari

azken besarkada hura

gure oroimenen kabi

malkotan galdetu nizun

oraindik ez daukat argi,

nola esaten zaio agur

hil ez den maitasunari?

 

Gaur eliza atarian

masail denak malkotan blai

zure arima gidatuz

kolpeka hamaika kanpai

kutxa begien jomugan

ta guztiok hari jarrai

aldarera iritsi naiz,

nahiz uste ez nintzela gai.

Bizitzak amaiera du

nahiz ez dugun ulertu nahi

biloba, seme-alaba...

ez nago bakarrik lasai

ni eurekin geratzen naiz

istorio hau ere bai!