Usurbilgo Itunak bat egin du, Donostiako ekainaren 17ko ekimenarekin

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 29a, 00:00

Usurbilgo Itunak bat egin du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak ekainaren 17rako Donostiako Saguesen antolatu duen, "Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia" ekimenarekin. Hala adierazi dute ituna sinatua duten hainbat eragileetako ordezkariek, gaur eguerdian Donostiako Miramar jauregian egin duten agerraldian. Honekin batera, beste behin erraustegi egitasmoa bertan behera uztea eskatu dute, aurrera begira jarri eta honako deialdi hau egitearekin batera: "Etsipenean eta ezkortasunean oinarritutako etorkizun grisa albo batera utzi eta gure esku dagoena egin dezagun gure seme-alaba, iloba eta bilobek merezi duten etorkizun koloretsu eta hobegoa izan dezaten". 

Errauste planta eraikitzeak ekarriko lukeen osasun eta ingurumen alorretako kalteez gain, kalte ekonomikoen eragina zenbatekoa izango litzatekeen ere gogorarazi dute. "Ehunka milioi euroko inbertsio ikaragarria", eta hori guztia amortizatzeko "hamarkadak behar dira" gaineratu dute. Ez hori bakarrik, "finantziazioa bertara eramaten den zaborraren bidez lortzen denez, hondakinen arazoari aurre egiteko GHHKP-PIGRUGak berak aitortzen duen murrizketa eta birziklapenaren lehentasunarekin lehiatzen du zuzenean", adierazi dute Usurbilgo Ituna sinatu zuten ordezkariek. Euren ustez, "inork nahi ez duena saihestean oinarritu behar dugu konponbidea", hondakinen arazoari loturiko irtenbidea.

Zortzi urte barrurako, errausketa eta zabortegiak alboratzeko eskaera
2020. urterako zabortegi eta erraustegiak desagertzea eskatu eta Europako Parlamentuak onartu duen txostena ere ahotan hartu du Usurbilgo Itunak. "Europako Batzordeari 2014 urterako zabortegiak ixten joateko proposamenak aurkez ditzan eskatzen dio", adierazi dute. Horrekin batera, "2020rako ezarritako birziklatze helburuak berrikusteko eskatu diote exekutiboari, eta gaurtik hasi eta hamarkada bukaera bitartean, birziklagarriak diren materialen errausketa bazter dezala". 

Europako Parlamentuak onarturiko txostena egin duen pertsonateko baten, Gerben-Jan Gerbrandyren hitzak ere gogora ekarri nahi izan ditu Usurbilgo Itunak. Bere esanetan, "Europako parlamentuak eta batzordeak baliabideen erabilpena hobetzeko anbizio handiko plangintza ezarri dute. Estatuek lekukoa hartzeko garaia da. Txosten honetan esaten dena gauzatzeak, hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera eta  ingurumen babesa ekarriko luke".   

Hauxe da momentuz, ekainaren 17ko ekimenarekiko atxikimendua adierazi duten Usurbilgo Itunkideen zerrenda:

-Alternatiba (Xabier Soto).
-Aralar (Ainhoa Beola).
-Eguzki (Arantza de Ocio).
-Ekologistak Martxan.
-ELA.
-Errausketaren Aurkako Koordinakundea (Maria Luisa Sanchez).
-ESK (Kepa Olaiz).
-Ezker Abertzalea (Idoia Aiastui).
-Ezker Anitza (Xabier Pombo).
-Ezker Batua (Mitxel Mieves).
-Gipuzkoa Zero Zabor (Ainhoa Arrozpide).
-Greenpeace.
-LAB (Urtzi Oztolozaga).
-Usurbilgo Udala (Mertxe Aizpurua).