Udal hauteskundeak gehiengo osoz irabazi ostean, Bildu koalizioa Udalaren kargu egin zeneko lehen urtea beteko da ekainaren 11n. Urtemuga honen bueltan, "Udalak entzuten zaitu" izeneko bilera sorta antolatu du gobernu taldeak. Helburua, auzoz auzo herritarrekin bildu eta euren iritziak jasotzea izango da. "Noski, urtebete hau nola joan den ere azalduko dugu, gure ikuspegia emango dugu eta azalpenak mahai gainean jarriko ditugu, baina bilera hauen xede nagusia Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa bultzatzea da", adierazi dio NOAUA!-ri alkate Mertxe Aizpuruak.
Herritarrei bileretara gerturatzeko gonbita luzatzen diete udal gobernu taldetik: "Bilera hauetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu eta denon artean Usurbil hobeago bat egiten saiatuko gara".
Bilera erronda datorren astelehenean, ekainaren 4an hasiko da Santuenean. Hortik aurrera, Zubietan, Kalezarren, Aginagan, Txokoalden eta Kaxkoan ere bilkura bana burutuko da. Hona hemen, hitzordu guztion egutegia:
Ekainak 4, astelehena: Santuenea
19:00 Auzo Elkartea.
Ekainak 6, asteazkena: Kalezar
19:00 Auzo Elkartea, Harane.
Ekainak 7, osteguna: Zubieta
19:00 Kaxkape.
Ekainak 11, astelehena: Aginaga
19:00 Antxomolantxa Elkartea.
Ekainak 13, asteazkena: Urdaiaga/Txokoalde
19:00 Erroizpe elkartea.
Ekainak 18, astelehena: Kaxkoa
19:00 Potxoenea.