UEMA Eguna, ekainaren 9an Goizuetan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 30a, 00:00

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) urteroko festa eta aldarrikapen eguna ospatuko du, oraingoan ekainaren 9an Goizuetan. Antolakuntzatik berri eman dutenez, "aurten, Nafarroako udalerriei dagokie egun hau antolatzea. Hori horrela, Goizuetako Udalak bere gain hartu du lan eta jai egun hau antolatzeko ardura". 

Goizeko 10:00etan hasi eta gauera arte, UEMAko udal ordezkarien batzarra iragarri da bertan, baita ekitaldi nagusia, haur jokoak, kontzertu eta dantzaldia ere. Eguerdi parterako, herri bazkaria antolatu dute. Honako menua dastatu ahal izango da: pasta entsalada, haragi gisatua, mazedonia. Sarrerak salgai daude jada, UEMA-ra deituta, 946 279 195 telefono zenbakira. Helduek 18 eurotan eskuratu ahal izango dituzte, 14 urtera arteko haurrek 12 eurotan. Txartelak erosteko azken eguna, ostiral hau, ekainaren 1a izango da. 

Hizkuntza politika aurrerakoietan, aitzindari
"Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari" leloa aukeratu dute, aurtengo UEMA Egunerako, antolatzaileen esanetan, "konturatu behar dugulako euskararen normalizazioan behar beharrezkoak garela herri euskaldunok eta herri euskaldunok garela hizkuntza politika aurrerakoietan aitzindari. Etorkizuneko Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean aitzindaritzatik izan bada, UEMAko udalei esker izan da. Hori da, hain zuzen, aurtengo leloarekin adierazi nahi duguna". 

Hona hemen, UEMA Egunerako prestatu duten egitarau osoa: 

10:00 UEMAko udaletako ordezkarien Batzar Nagusia udaletxean.
11:00-14:00: haurrentzako puzgarriak, jokoak eta tailerrak.
11:30 Herriko etxeak ezagutzeko bisita gidatua.
13:30 UEMA eguneko ekitaldi nagusia.
Goizean  artisauak, dantzariak eta musikariak herrian zehar.
14:30 Herri bazkaria.
16:00-18:00 haurrentzako puzgarriak.
19:00 Dantzaldia: Gabezin.
Gauean kontzertua Gaztetxean.